INFO

Erakundeek ukatzen dioten omenaldia eskaini diote herritarrek Txillardegiri

Herritar ugari bildu da gaur eguerdian Donostiako Antigua auzoan Txillardegiren omenez margotu den horma irudiaren inaugurazio ekitaldian. Bide batez, erakundeei merezi duen errekonozimendua ematea eskatu dute berriz.

Aurreskua dantzatu diote Txillardegiren horma irudian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Herri ekimenak bultzatuta margotu dute Txillardegiren omenezeko horma irudia. Bertan, «Euskara da euskaldunon aberria» agertzen da ere. Hil zela sei urte pasa direnean inauguratu dute. Euskararen alde egindako lana eskertzeko ehunka lagun elkartu dira Antigua auzoan, euriari aurre eginez.

Gaskuina plaza izena darama ofizialki horma irudia margotu duten lekua. Matia kalearen alboan, Heriz pasealekua abiatzen den tokitik gertu. Hori da izen ofiziala, baina usadiozko izena Txillardegi da. Hor bizi zen Jose Luis Alvarez Enparantza eta hortik hartu zuen izena ere. Plaza hori Txillardegi izendatzea aldarrikatzen dute, erakundeek ukatzen duten eta merezi duen errekonozimendu gisa. Honekin batera, Donostiako Udal Liburutegia ere Txillardegi izena izatea aldarrikatzen dute. Gaurko ekitaldia antolatu duen taldeak Txillardegi Udal Liburutegia du izena, aldarrikapen horren eredu. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurten euskara batuaren sorreraren 50. urteurrena ospatzen da eta errekonozimendu hori egiteko une ezin aproposa izango litzateke.

Paul Torres saxojoleak eta dantzariek ireki dute omenaldia. Beñat Gaztelumendi bertsolaria ere bertan izan da.

Ondoren Ibon Sarasola euskaltzainak Txillardegik euskara batuaren sorreran izan zuen papera gogoratu du. «Euskara idatziaren batasuna euskaldungoaren historiaren mugarri nagusia da», adierazi du. Hizkuntza nazioanalerako ezinbesteakotzat jo du euskara batua. 1964an Euskal Idazkaritzak antolaturiko Baionako Biltzarran horren oinarriak jarri ziren «eta Txillardegi horren arima izan zen». «Berak egitaratu zuen gero ‘Jakin’en publikatu zen euskara batuaren oinarri nagusia», gogoratu du. 1965an ‘Jakin’en Txillardegik argitaratutako aldarrikapen hori euskara batuaren lehen testutzat jo du Sarasolak. Bertan, 1968an Arantzazun Euskaltzaindiak onarturiko euskara batuaren ezaugarri ia guztiak agertzen dira. 

Joxe Manuel Odriozola soziolinguistak Txillardegiren helburua euskara hizkuntza nazionala izatea zela gogoratu du. Eta zoritxarrez, egungo egoera hori ez dela nabarmendu du.

Loreak jarri dituzte horma irudiaren azpian Txillardegi gogoratzeko. Lehena, EH Bilduko Amaia Almirall zinegotzia izan da. Ondoren, Karmelo Landa, Karmele Aierbe, Martin Garitano, Josu Txueka eta abar luze bat izan dira. Baina batez ere, herritar ugari izan dira Txillardegiri erakundeek ukatzen dioten omenalda eskeintzen.