INFO

EH Bildu: «Bilbobuseko bitarteko geralekuak zerbitzuaren segurtasuna hobetuko du»

Bruno Zubizarreta zinegotziak positibotzat jo du bitarteko geralekua ezartzea onartu izana. Nabarmendu duenez, EH Bilduk zerbitzuaren segurtasuna hobetu nahi izan du genero ikuspegitik proposamenarekin.

Herritarrak, Bilbobuseko autobus batera igotzen. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduk ontzat eman du Bilbobuserako bitarteko geralekuen proposamena onartu izana. Bruno Zubizarreta, EH Bilduren Bilboko zinegotziak, positibotzat jo du bitarteko geralekua ezartzeko proposamena onartu izana. Komunikabideetara igorritako oharrean azaldu duenez, proposamen hori egiterakoan, «zerbitzuaren segurtasuna hobetu nahi izan du genero ikuspegitik».

«Kosturik ez daukan hobekuntza izango da. Horri esker erabiltzaileek bi geralekuren artean gelditzeko aukera izango dute. Haien helmugatik hurbilago dagoen puntu batean jaitsi ahal izango dira eta eraso arriskua murriztuko da», nabarmendu du Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak.

Zubizarretak gogoratu duenez neurri hori beste hiri batzuetan ere abian jarri da. «Donostian, esaterako, oso harrera ona izan du eta oso onuragarria izan da. Uste genuen garaia zela Bilbon ere abian jartzeko», azpimarratu du Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotziak.