INFO

Hutsuneak, bideari berriz ekin artean

155ak ez du soka eten eta independentismoaren gehiengoak gidatutako Kataluniako Parlamentuak ekin dio bideari. Hutsuneei begira ziren bertaratutako gehienak, espetxean edo erbestean diren zortzi diputatuen lekuak hartu zituzten lazo horiei so. Erabaki nahi hutsak sortu dituen hutsuneak gainditzea dute orain erronka.


«Ez gara hutsuneekin bizitzen ohituko», esan zuen Agustí Alcoberro ANCko bozeramaileak bezperan, bi Jordiek espetxean hiru hilabete bete zituzten egunean, eta zortzi hutsunek marraztu zuten 155aren osteko Kataluniako Parlamentuaren abiatzea, preso diren hiru diputatuenak eta erbestean diren gainerako bostenak.

Irribarretsu, Carme Forcadellek (ERC) azkenekoz espartin zuri-urdinez ziren Mossoak ikuskatu eta Parlamenturako bidea hartu zuen. Atzetik, gutxira, Elsa Artadi (JxCat) lazo hori handi bat eskuan sartu zen eta bigarren lerroan, eskaileren alboko aulkian, utzi zuen. Lehen ilara hutsik zegoen osorik, «lehen aldiz», zaharrena izanda botoa eman bitartean Parlamentuko presidente lanak bere gain hartu zituen Ernest Maragallek (ERC) gogoratu zuenez; «nahi nieke ‘egun on’ esan presidenteari eta kontseilariei ere, baina ikusten duzuenez ez da posible», nabarmendu zuen lazo horiek hartutako aulki hutsei begira. «Abenduaren 21eko emaitzak urriaren 1ekoen berrespena dira», aldarrikatu zuen oposizioa haserrearaziz.

Adinaren arabera osatutako Mahaiaren lehen erabakia preso diren hiru diputatuei botoa delegatzeko aukera ematea izan zen. Iraileko katramilen bidea hartzeko arriskua hor; erabaki honen aurkako helegiterik ez zutela jarriko iragarri arren Ciutadansek hitza eskatu baitzuen, erabakiaren aurka egin eta Maragalli bere hitzaldiagatik kargu hartzeko. Hutsuneak, zeudenak eta zenbait gehiago, behar zituen Ines Arrimadasen alderdiak atzoko zuen helburua betetzeko. Hutsa matematikekin zuen alderdi laranjak, ordea, presoen botorik gabe ere ez baitzuen gehiengorik Parlamentuko Mahaian nagusitzeko.

Zuriak izan ziren bederatzi boto bai, gutxienez, atzo ihesean direnen ahotsa kontuan hartu ez zen arren. Horietako bat PSC, PP edo C’s alderdikoren batena; gainerako zortziak Catalunya en Comurenak. Azken hauen izenean beste hutsune bat Elissenda Alemanyk nabarmendu zuen Mahaia osatu ostean, zazpitik bakarra izango baita emakumea Parlamentua gidatuko duen markoan. Gehiengoa independentismoarena, lau; bi izango ditu Ciutadansek eta beste bat PSCk.

Forcadellen lekuan presidente lanak Roger Torrentek egingo ditu aurrerantzean. 135 ez, atzo 130 boto zenbatu zirela gogoratu zuen bere hitz-hartzean; «lehen pausoa gure instituzioen interbentzioa berehala amaitzea izan behar da –esan zuen–. Hautetsontziak dira gure jatorria, ordezkatzen dugunaren adierazle gorena, boto hori aitortzea ez den ezer onartezina da».

Bere hitzetan, hutsune nabarmena ikusi zuen CUPek, ordea; Carles Rieraren ustez, «urriaren 1eko mandatutik eta urriaren 27ko independentzia adierazpenetik oso urruti geratu da».

Adierazpen hari erantzunez aplikatu zuen 155a Espainiak eta haren buru izateagatik da erbestean Carles Puigdemont. Deitu zuten botoa ematera egokitu zen hiru alditan eta txaloz hartu zuten bere izendatzea Parlamentuan, gonbidatuek bete zuten lehen independentzia adierazpenaren patioan, baita esteladez goizean goizetik saioa jarraitu zuten Lluys Companys pasealeku inguruan ere.

Hautetsontziak botoz betetze hutsak ekarri ditu oraingo hutsuneak; Parlamentu berriaren bideak bete ditzake orain.