Txanpona Irribarria-Merinoren aldera erori da (21-22)
Aspekoak 4-19 joan dira aurretik markagailuan, Urrutikoetxea bikain batek 21na berdindu ahal izan du baina bere azken errematea txapapera joan zaio.
Bizirik jarraitzen dute Irribarria-Merinok Binakako txapelketa honetan, baina susto ikaragarria eraman dute gaur Legution, erraz irabazita zutela zirudien partida (4-19 joan dira aurretik) azken unean irabazi eta gero. Partidaren bigarren zati ikaragarria egin duen Mikel Urrutikoetxeari txapapera joan zaio eskuinez saiatu den bi paretakoa eta arerioei eta txapelketari arnasa eman diote.
Ez sinesteko moduko partida izan da gaurkoa Legution, bi zati oso desberdin izan dituena. Lehenengoan Aspekoak erabat nagusitu dira pilotaleku zinez azkarrean. Iker Irribarriak hasiera ikusgarria izan du, dizdira handiz erabili du pilota eta errematean ere bikain asmatu du. Atzean Merino ere hasieran sake batzuk eramateke utzi dituen Untoria baino gehiago izan da eta partida ziztu batean hautsi da.
Hala ere, ordura arte jokoan sartu ezinik aritu den Mikel Urrutikoetxeak pilota bat txokoan hilda uzten asmatu du eta partida errotik irauli da. Hil eta bizi aritu da Zaratamokoa eta lehendik ere eginak zituen bezalako buelta eman dio partidari, 20na eta 21na berdinduz. Hori bai, Lau eta Erdiko finalean eta Buruz-Buruko finalerdian gertatu zitzaion bezala, azken errematean ez du asmatu eta garaipen epikoak ihes egin dio.