INFO

Tolosako inauteriak, ate joka

Ostegun gizenerako astebete besterik falta ez denean, Tolosako Udaleko zein elkarte eta eragileetako ordezkariak egitarauaren berri emateko elkartu dira. Aurten hainbat berrikuntza izango da, hauen artean garrantzitsuena karroza eta konpartsen ibilbidea herriko beste hainbat kaleetara zabalduko dela. Horrela, Rondilla kalea eta San Francisco pasealekutik haratago, zezen plaza inguruko Oria kalean, Nafarroa etorbidean eta Foruen etorbidean kokatuko dira euren emanaldiak eskaintzeko.

Tolosako Udaleko zein elkarte eta eragileetako ordezkariek inauterietako egitarauaren berri eman dute. (NAIZ)

Ibilbidean izango diren aldaketa hauek ere mesedegarri izango dira Tolosako inauterien bereizgarri diren txarangentzako, azken urteetan karrozen megafoniak arazoak sortzen baitzituen herriko doinu tradizionalak entzuteko.

Horrekin batera, zezen plazatik bueltako txarangen kalejiran karrozek itzali egin beharko dute euren megafonia. Aurten bi txaranga dira 75 urte betetzen dituztenak, Aiz-Orratz eta Kabila, eta beste batek, Urdiña Txikik, mende erdia beteko du.

Asteburu honetan ere motorrak berotzeko parada izanen dute tolosarrek

Guztira 77 karroza eta konpartsa eta 1.400 haur inguruk koloreztatuko dituzte kaleak jai egun hauetan. Hala ere, asteburu honetan ere izango da festa usaina Tolosan barrena, larunbat eguerdiko 12.30ean Aiz-Orratz elkartearen haur jaialdia baitago iragarrita (50 urte beteko ditu aurten), baita Kaldereroen etorrera ere Urdiña Txiki elkartearen eskutik iluntzeko 19:00etan.

Txupinazoa, aldiz, beti bezala, datorren ostegunean izango da, 12:00etan, Udaletxeko balkoitik.