INFO

Altzoko Handiak pantailan bizia hartu zuenekoa

Migel Joakin Eleizegik pantaila handia zeharkatu eta publikoa bete-betean harrapatu du. 100.000 ikusle dira horren lekuko. Munstro bat ez, akromegalia gaixotasuna zuen gaztea nola hezurmamitu duten jakin nahi izan dugu Goya sarien gau honetan.


Erronka ez zen makala. 2,42 metroko garaiera izatera iritsi zen gaztea nola pantailaratu? Galdera hauxe egin zioten Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariek David Heras efektu berezien espezialistari elkarrekin egin zuten lehen bileran. Kezka hori zutela-eta, ez zekiten erraldoiari zenbaterainoko protagonismoa eman. Herasek, nola demontre egin jakin ez arren, «aurrera!» esan zien. Eta Altzoko Handia eta Martin anaia filmaren protagonista bihurtu ziren, ia plano denetan agertzeraino. «Ez da ohikoa izaten, erraldoiak bizpahiru planotan agertzen dira filmetan, baina gurean etengabe, dena are gehiago zailduz», nabarmendu dute hirurek.

Gaur banatuko diren Goya sarietan hamahiru izendapen ditu, ia alor guztietan. Zuzendaritza, efektu bereziengatik eta makillajeagatik izendatuetakoekin hitz egin dugu.

Munstro bat ez, akromegalia gaixotasuna –ez diozu sekula hazteari uzten– zuen gaztea pantailaratu nahi zuten Moriarti ekoiztetxeko bi kideek. Eta beste ezeren gainetik, helburua, sinesgarri egitea. «Errodajean etengabe galdetzen genion geure buruari ‘hau sinesgarria izango al da?’. Gure beldurra zen», aitortu du Aitor Arregik (Oñati, 1977).

Horri lotuta, publikoarekin konektatuko zuen istorioa sortzea. «Zailena», Arregiren esanetan. Eta lortu dute. Ikusle kopuruak –ia 100.000 pertsona– eta jasotako sari ugariek hala baieztatzen dute. Lanak izan du bere ordaina, erronka ere erraldoia izan baita.

«Guk ahal genuen guztia jarri dugu Enekoren alde, berak erraldoia sor zezan», nabarmendu du Arregik, aktore gaztearen lana goraipatzearekin batera. «Batez ere, Altzoko Handia sinesgarria da bere lan itzelagatik. Berak eman dio bizitza, emozioa... eta emozioa eta aktuazioa ondo uztartzen direnean ikuslea ahaztu egiten da guk erabili ditugun trikimailuez. Jendea emoziora doa. Anaiak traizionatu egin duela ikusten du, une horretan ez du pentsatzen erraldoia nola eginda dagoen», adierazi du.

«Gau asko pasa nituen buruari bueltaka», aitortu du Ainhoa Eskisabelek (Donostia, 1971). Gogoan du Sagardoy Migel Joakin Eleizegi bihurtu zela ikusi zuen unea. «Hunkigarria izan zen», azaldu du.

1,84 neurtzen duen aktorea 2,42ko gizona bihurtzeak makina bat buruhauste eragin zizkien. Aurpegiak, batetik. «Enekok asko inspiratu ninduen, fisiko berezia du eta bere aurpegiak dituen bolumenekin jolastea erabaki nuen», kontatu du telebistan, antzerkian zein zineman 25 urteko esperientzia duen makillatzaileak.

Hori nahikoa ez eta Gorka Agirrek ahoko protesia egin zion Sagardoyri, aurpegian jartzea baztertu ondoren. Izan ere, aktorearen burua txikia ikusten zen Altzoko Handiaren soinean.

Gorputzak ere eman zuen bere lana. Gorka Agirrek jantzi berezi bat egin zuen Sagardoyren gorputza proportzionatu egiten zuena. Modu horretan, hura soinean, hark oinetan zeukan erraldoiaren gerria izango zena. Sorbalda-gainekoa jarri zioten eta eskuak ere faltsuak egin zituen Agirrek.

Ordu eta erdi behar izaten zuten egunero durangarra Altzoko Handiaren larruan sartu arte. «20-30 minututan makillajea egiten nuen. Gero Olgak [Cruz] ilea jartzeko beste hainbesteko denbora behar zuen. Ondoren gorputzeko protesia jarri, hortzen protesia ondo itsatsi eta azkenik zango-makilak», gogoratu du Eskisabelek.

Aurpegiak ordezkatu

Hankapaluen gainean ibiltzen bazekien aurretik aktoreak eta hori abantaila izan zen. Baina ez zuen beti balio. Saad Kaicheren laguntza –2,32 neurtzen du– ezinbestekoa izan zen. Planoa zabalagoa zenean eta Altzoko Handia beste pertsona batekin agertzen zenean Kaicheren gorputzean Sagardoyren aurpegia txertatzen zuten. Saadi maskara antzekoa jartzen zioten aurpegian. «Enekoren eta Saaden burua eskaneatu 3D-n, Enekoren keinuak aparte grabatu eta mugimendu bat bestean uztartu. Teknika konplexu samarra da, baina ondoen funtzionatu ziguna izan zen», azaldu du Arregik.

Gauzak are gehiago zailtzeko, bi buruen tamaina ez zetorren bat. «Saadek akromegalia duenez –botikekin kontrolpean dago– burua handia du eta Enekok ez. Magia egin behar izan genuen», kontatu du barrez David Herasek (Lasarte-Oria, 1975).

Probatu. Behin eta berriz. «Oso une puntualetan egin zen, oso zaila da eta denbora asko eskatzen du. Eurentzat ere esperimentazio lan potoloa izan zen, ez zekiten nola egin. Mila proba egin zituzten, inoiz ez dakizu, esperimentatzea da. Zorionez dena ondo joan zen».

Filmazioan bertan ahalik eta material gehien eskuratzeko gomendatu zien bi zuzendariei Herasek. «Nire teilatuaren aurka harriak botatzea da agian, baina ez dago ezer errealagorik errealitatea bera baino. Txorakeria dirudi baina ez da. Aulkia badugu zertarako egingo dugu digitalki beste bat? Efektuak filmatutakoari ahalik eta zuku gehien ateratzeko dira, ez besterik. Asko insistitu nien ahalik eta gehien errodatzeko. Aktorea erosoago egongo da, zuzendariak ere bai eta ondoren gauza puntualak bakarrik egingo ditugu efektu bidez», kontatu du.

Aurpegiak ordezkatzea izan zen berarentzat proiektu honetako lanik zailena, aurretik eskarmentu handia baitu zineman. Ez zuen alferrik “Open windows” filma egin –3.000 plano efektu digitalekin–. Madrilen bizi da 1998tik eta lortu du haurra zela Astoria zinemetan “Regreso al futuro” begiak irten beharrean ikustean amestu zuena.

Lan handiko unea bizi du eta zortedun sentitzen da orain Euskal Herritik deika hasi zaizkiolako. Izan ere, “Handia”-z gain “Gernika”, “Errementari” eta “Oreina” filmetan aritu da. «Luxua da», dio. Goya sarietan “Veronica” pelikulagatik ere badago izendatuta. «Bihotza erdibituta daukat», esan du.

Altzoko Handiari pantaila handian bizia ematea da, akaso, deigarriena, baina Bilbo Londres hiri elurtua bihurtzea edo berregite historikoa ere ez da erraza izan Herasentzat. Denera 35 pertsona aritu dira efektu bereziak lantzen. «450 plano inguru landu ditugu efektu digitalekin –nabarmendu du–. Altzoko Handiarekin erdia eta beste erdia berregite historikoari dagokiona. Era honetako berregiteetan elementu anakronikoak desagerrarazi behar izaten ditugu: kable elektrikoak, hoditeria...».

150 aldiz ikusitako planoak

Ez da txantxetakoa. Digitalki ukitu dituzten planoak 150 aldiz ikusi ditu Herasek. Behin eta berriz, ezerk ez dezan ihes egin. «Lanean ari naizenean askotan ikusten ditut planoak. Behin bukatutakoan zinemara noanean filmari baino gehiago ikusleen aurpegiei begiratzen diet. Oso esker onekoa da. ‘Handia’-k oso momentu samurrak ditu, adibidez. Hor ikusten duzu asmatu duzun ala ez, zure lana ondo egin duzun ala ez».

Bada besterik. Beste film batzuetan ez bezala, efektuak ezin dira ikusi. Ahaleginak eta bi egin ditu. «Oso exijentea da, ikuslearen begiak zerbait ikusiz gero –erraldoia ez dela erraldoia edo Londres Bilbo dela– istoriotik atera egiten zaituelako», esan du.

Egun bat eta bestea, filmazioa eguneroko azterketa bihurtu zen. «Egun batean funtzionatzen duena hurrengoan ez dator ondo lokalizazioagatik... Eguna zango-makilen gainean hasten zuen Enekok, baina emaitza ez bazen ona Saadekin probatzen genuen, hark bizkarra emanda... Beti B eta C planak genituen, badaezpada. Zentzuak eta zintzotasunak gidatzen gintuen», esan du Arregik.

«Erraldoiarena izan zen erronka nagusia, baina oso zaila izan da XIX. mendea era fidagarrian pantailaratzea ere. Ja existitzen ez den mundu hori erakustea, gure gaitasunaren eta aurrekontuaren arabera, noski».

Eta zer esan batailaz. «Exijentzia handikoa» izan zen. «Artikutzan filmatu genuen eta eskerrak lehenengo astea zen eta fisikoki indartsu geunden denok, bestela... Oso gogorra izan zen, baina uste dut ez dudala hain ondo pasa inoiz (barreak). Oso ondo pentsatuta geneukan aurrez nola egin, baina gero ikusi egin behar egunean bertan nola ateratzen den. Buruan daukazuna %40an betetzen da, asko jota», kontatu du Arregik.

Zaldiak ere badaude filmean. «Haiekin errodatzea ematen du oso erraza dela, baina oso zaila da kudeatzea», nabarmendu du.

Makina bat film ikusi zituzten “Handia” filmatzen hasi aurretik. «Aurre-produkzioa hori ere bada, zure aurretik antzeko gauzak egin dituztenek zelan egin duten ikustea. Oso inportantea da», argitu du.

3.500.000 euroko aurrekontuarekin –promozioa barne–, euskaraz egin den pelikularik garestiena da, baina kontatu nahi zutenerako merkea, Arregiren esanetan. «Bidaiak agertzen dira, XIX. mendea, elurra, bataila... Frantzian, esaterako, aurrekontu bikoitza izango luke», dio.

Eta filmean partaide izan den sail bakoitzak egindako ahalegina nabarmendu du. «Fotograma bakoitza izerdituta dago. Bikain nota jarriko nieke guztiei. Lantalde guztiak estra hori eman du bere partetik».

Ea gaur gauak zer dakarren “Handia”-ko lantaldearentzat. «Pozik nago pelikulari fokua jarri zaiolako. Ez gara faboritoak baina lehian, hor gaude», adierazi du Arregik.

«Izendapenen bidez zure lana baloratzen duzula sentitzen duzu. Irabaztea beste faktore askoren arabera dago», esanez bukatu du Herasek.