‘Handia’-ren lantaldea, jazotakoa ezin sinetsita
Hamahiru izendapen eta hamar sari; pena, baina, Pelikula Hoberenaren saria irabazi ez izanagatik. Hala ere, jazotakoa ezin sinetsita da ’Handia’ filmaren lantaldea: «Denbora beharko dugu hau guztia barneratzeko».
Goya sarien gala amaitu berritan, EiTB-ko kamerek harrapatu zituzten, besteak beste, Jon Garaño eta Aitor Arregi ‘Handia’ filmaren zuzendariak. «Hamar izan dira, eta pentsatzea hiru ez ditugula irabazi...». Sinesgaitz ziren biak ala biak ere.
Garañok, baina, bazeukan pena berezi bat. Alor teknikoari zegozkion sari guztiak irabazi ditu ‘Handia’-k, bat izan ezik; soinuari dagokiona hain zuzen. Hala, soinu arduradunekin oroitu zen zuzendaria, hauek eginiko lana eskertuz. Film hoberenaren saria irabazi ez izanaren arantza ere agertu zuen, «baina pentsa dezagun hamar izan direla».
«Asimilatu» egin behar dute orain guztia: «Oraindik jazotakoa ezin sinetsita gabiltza, denbora emango digu guztia barneratzeak».
Sagardoyren saria, «nortasun ulergaitzei»
Aktore berri onenaren Goya saria irabazi berritan, eskaintza berezia egin zuen Eneko Sagardoyk. «Nortasun ulergaitzei» eta «gorputz arraroei» eskaini zien saria Altzoko erraldoiaren paperean sartu zen aktoreak. Hein batean, Joakin filmeko protagonista bezala sentitzen diren horiei eskaini zien saria.
Zorion mezuak eremu politikotik
Politikariek presa berezia hartu dute ‘Handia’-ko lantaldea zoriontzeko orduan. Besteak beste, Twitter bidez zabaldutako mezu baten bidez zoriondu ditu Iñigo Urkullu lehendakariak saridunak. Hauek eginiko «lan handia» nabarmendu du, eta audientziaren interesa pizteagatik zoriondu ditu.
🎬 @HandiaFilm 🔟 Goya sari jaso ditu. Zorionak talde osoari, lan handia egin duzue, ikusleen interesa piztu eta profesioaren onarpena lortu. Eutsi kulturaren eta zinemagintzaren bideari. Zorionak! 🔴⚪💚 pic.twitter.com/qr6TCHoax7
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) February 4, 2018
EAJtik, bere presidente Andoni Ortuzarren zorion mezua ere iritsi da. Film «ederra» dela adierazi du. Eneko Goia Donostiako alkateak bizitakoa «euskal zinemaren mugarri» bezala definitu du.
EH Bildutik, Arnaldo Otegi eta Miren Larrionen mezuak iritsi dira, besteak beste.
Zorionak #Handia. Berriro ere handia egin duzue! #Goya2018 pic.twitter.com/RWsxGbfDdd
— Arnaldo Otegi (@ArnaldoOtegi) February 3, 2018
Ahal Dugu-Podemoseko Lander Martinezen arabera «handia» izan zen atzoko gaua euskal zinemarentzat eta PSEko Idoia Mendiak nabarmendu du «gehiago» izan zitezkeela ’Handia’-k jasotako sariak. PPtik Miren Albistur Donostiako Udaleko bere eledunak hitz egin du: «Handia da ‘Handia’».