INFO

Alerta laranja bihar arte mantenduko da, nahiz eta ostiralean ere elurra botako duen

Bihar goizean elur-maila 100-300 metrotan kokatuko da eta eguerditik aurrera 24 orduko hobekuntza bat espero da. Hala, alerta naranja bihar eguerdira arte mantenduko dute, nahiz eta ostiral arratsaldean, berriz ere, elurra bota dezakeen. Izotzak ere arazoak sortu ditzake barnealdean. [Eguraldiari buruzko xehetasun guztian NAIZen]

Azazeta mendatean elur ugari pilatu da. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Euskalmeten iragarpenaren arabera, eguraldiak hobera egingo du biharko egunaren bigarren partean. Goizean oraindik ere prezipitazioak espero dira, mendebaldean bereziki, eta elur mailak 100-300 metro inguruan jarraituko du. Dena dela, arratsalde eta gauean atertzera egingo du eta elur kota 500-600 metro ingurura igoko da.

Bost zentimetro elur pilatu daitezke 200 metrotan eta 5 eta 15 zentimetro inguru 600 metrotan.

Iparraldeko haizearekin jarraituko du eta tenperaturan ez da aldaketa handirik espero. Honek gauean ia lurralde osoan izotza sortzea ekarriko du eta Arabako zenbait tokitan izotz ugari espero da. Lakuak alerta horia ezarri du izotzagatik. Hiriburuetan, Bilbon 3 gradu espero dira gutxienez eta 7 gehienez, Donostian, 2 gutxienez eta 7 gehienez, Gasteizen -3 gutxienez eta 4 gehienez, eta Iruñean -2 gutxienez eta 3 gehienez.

Alerta laranja, beraz, bihar eguerdira bitarte mantenduko da, nahiz eta ostiralean, berriz ere, elur mailak behera egingo duen eta malutak 200 metrotara ikusi ahal izango ditugun. Goizean, oraindik ere, 800-1.000 metro ingurutan mantenduko da elur-maila, baina eguerditik aurrera okertu egingo da eta 200 metrotaraino jaitsi.

Itsasoan ipar/ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, 3-4ko indarrarekin. Ahuldu eta gauean 2ko indarrarekin ibiliko da; itsaskirria edo itsaskia eraginez. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3 metro inguruko olatuak altxatuko ditu hasieran, eta txikituz joango dira egunean zehar. Gauean 2 metro ingurukoak izango dira. Ekaitzak jo eta txingorra ere egin dezake.

Zumaia eta Getaria arteko N-634 errepidea, martxoaren 9 bitarte itxita

Gipuzkoa Diputazioak jakinarazi duenez, Zumaia eta Getaria lotzen dituen N-634 errepidea itxita egonen da martxoaren 9 bitarte. Materialak erortzeko «arrisku larria» antzeman du Diputazioak, luizi baten ostean kaltetuta geratu da-eta.