INFO

Aratuste Zapatuan, egun osoko festa giroa Bilboko erdigunean

Goizetik kalera ateratzeko deia egiten dute konpartsetatik. Sukalde erraldoia, umeentzako tailerrak, kontzertuak, fanfarre eta erraldoiak, mozorroen kalejira-lehiaketa, eta beste hamaika ekintzek kolorez beteko dute Bilboko erdigunea.

Eskoletako umeak plaza Barrian elkartu dira goizean. (Bilboko Udala)

Eguerdiko hamabietan hasi eta arratsaldeko 19.30ak arte Aratusteetako giroa nagusituko da Bilboko erdigunean. Plaza Zirkularretik, Astarloara, Zabalgune Eraikinera eta Colon de Larreategui hartuta Albiarainoko eremu osoa hartuko du festak.

12.00etan Bilboko Urarekin egingo dute topa hara bertaratuko diren bilbotar, konpartsakide eta beste hamaika lagunek. Haurrentzako eta familientzako, Zabalgune Plazan egongo dira goizez Gargantua eta puzgarriak, eta hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izango dute.

Ikuskizunak, fanfarreak, erraldoiak eta gaiteroak erdigunetik arituko dira. Plaza Zirkularretik hasi eta Kale Nagusian zabalduko den gune gastronomiko handian umeentzako tailerrak, nekazarien azoka, berakatz-zopa dastatzeko aukera, oilasko errea eta pintxo beganoen dastaketarako eta salmentarako txokoak izango dira 12.30etatik 15.30ak arte.

Eguerdian, Albian, indaba-jan herrikoia egingo da 14.30ean. Aratuste desfilea berriz, arratsaldeko 17.00etan hasiko da mozorroen lehiaketako desfilea. Hain zuzen ere, 40 taldetik gora pasako dira kalejiran Aratuste Zapatuko epaimahaiaren aurretik Plaza Biribiletik abiatuta, eta Albiaraino. Kuadrillek, elkarteek, norbanakoek eta konpartsek izango dute aukera mozorro-lehiaketan parte hartzeko.

Eta arratsaldeko 19.30etan Plaza Biribilean, esparruaren itxiera egingo da 1985ean Bilboko Aratusteetako kopla txikien lehen lehiaketa irabazi zuen kopla abestuta, eta, ondoren, botila erraldoiari kortxoa kenduta. Ondoren, Santiago Plazarainoko kalejira egingo da, Bilboko Ura botako duen iturria lehortu arte Farolin eta Zaranbolasekin. Gaueko 21.00etan, mozorro-lehiaketaren sari-banaketa egingo da plaza Barrian.