INFO

Autonomia kalea oinezkoentzat bihurtzea proposatu du Udalberrik

Udalberrik Autonomia kalea oinezkoentzat bihurtzeko azterlan bat egitea proposatu du. «Hiriguneetan bizikidetza hobetzeko» oinezkoentzako guneak izatea ezinbestekoa dela uste du.


Udalberrik azterlan bat egitea eskatu du Autonomia kalea «guztiz edo partzialki» oinezkoentzako bihurtzeko. Gogoratzen duen bezala, Autonomia Bilboko kale nagusietako bat da 1,3 kilometroko luzerarekin eta 25 metroko zabalerarekin.

Udalberriko bozeramaile Carmen Muñozi kezka eragiten dio Autonomia kalearen egungo konfigurazioak, Errekalde eta Abando barrutien arteko «hesi-lanak» egiten baititu batzuetan, kaleak dituen neurriak kontuan izanda.

«Uste dugu Errekalden mugikortasuna hobetzeko egiten ari diren lanak gaur egun Autonomia kaletik doan ibilgailuen trafikoa desbideratzeko edo desagerrarazteko aukera bat direla. Bilbo bateratuago bat eraikitzeko dugun aukera hau ezin dugu galdu», azaldu du.

Udalberrirentzat hiriguneetan «bizikidetza hobetzeko» ezinbestekoa da «guneak oinezkoentzat bihurtzea». «Bilbok ibiltzeko zenbat eta gune gehiago izan, orduan eta handiagoak izango dira komunitate osoan sortutako loturak», nabarmendu dute.

Autonomia kalea oinezkoentzat bihurtuta, hiriko alde garrantzitsu horretako auzotarren ongizatea hobetuko litzateke «merkataritza txikiari lagunduz eta eguneroko zenbait jarduera sinple bezain garrantzitsu erraztuz». Adibide bezala jarri dute, haurrek beren gizarte-loturak sendotu ahal izatea eskolara oinez joanez.

Azterlanaren emaitzak jakindakoan, parte-hartze prozesu bat zabaltzean proposatzen dute herritarrek beren iritziak eman eta ekarpenak egin ditzaten.