INFO

Euriak ez du zapuztu mozorroek Bilboko erdigunera eramandako kolore eta umore giroa

Euritan blai izan bada ere, giro aparta izan da Aratusteetako Zapatuan Bilboko erdigunean. Jai-batzorde Mistoak mozorro onenei sariak eman dizkie mozorro-lehiaketan Moskotarrak konpartsari, Marineras Tragabaolas taldeari eta Rocket-i norbanakoetan.

Moskatarrak konpartsako kideek irabazi dute mozorro lehiaketa.

Mozorroz eta karetaz bete zen Bilboko erdigunea larunbatean. «Kaliforniako hegoaldean sekula euririk ez den arren, Far West-ez edo Mendebaldeko Urrutiaz girotutako» Bilboko Aratusteetan «barra-barra ibili dira tantak goitik behera», nabarmendu dute konpartsek komunikabideetara igorritako oharrean.

Hala ere, milaka bilbotarrek aurre egin diote euriari; mozorro eta kareta klasikoak eta berritzaileak jantziz «norberaren nortasuna gordetzekoak eta ulertzeko bat ere errazak ez zirenak». Guztiek osatu dute jai-giro bizia eta koloretsua.

Umorea eta glamourra ere ez dira faltan izan. Epaimahaiak azpimarratu duen bezala «mozorroen kalitateari eta koreografioaren alaitasunari» aitortzen die garrantzia eta zail izan du ebazpena.

Mozorro lehiketaren irabazleak Marineras tragabolas taldekoek lortu dute lehen saria,bigarren saria: Langostinos de Bilbao eta hirugarren saria Grupo de lactancia del ambulatorio de Errekalde taldearentzat izan da. Konpartsetan lehen saria Moskotarrak-ek lortu du, bigarren saria Mamiki eta Sin Kuartel konpartsentzat izan da eta hirugarrena Txinbotarrak konpartsak lortu du.

Norbanakoetan Rocket-ek irabazi du, bigarren saria Fondo marino-rentzat izan da eta hirugarren saria Cleopatra-rentzat.

Ez dira amaitu

Konpartsetatik nabarmendu dutenez, Aratusteak ez dira amaitu. Domeka hontan indaba-lehiaketa, Gargantua, buruhandi eta erraldoiak eta euskal dantzen txanda izango da, Plaza Barrian eta Arriagan.

Astelehenean berriz, umeen eta sendien eguna izango da, kontzertuaz eta tailerrez gozatzeko aukera izango dutena, Plaza Barriko karpan. Eta martitzenean, sardinaren hiletan agur esango diete Aratusteei eta «sardina maiteari» Arriaga Antzokiaren aurrean.