Osasunak ezin izan du Reus gainditu etxean (0-0)
Igoerarako play-off postuetan egonkortzeko garaipena beharrezkoa zuen Osasunak, baina berdinketarekin konformatu behar izan dira iruindarrak Reusen aurrean. Lehen zatian kataluniarrak hobe aritu dira, ezer berezirik egin gabe, eta atsedenalditik bueltan itxura hobea eman duen arren, egindako lanarekin bat dator Osasunak irabazitako puntua.
Bigarren mailan bi garaipen erreskadan lortzeak gora begira jartzea ahalbidetzen du, baina Osasuna ahaleginean geratu da. Almerian irabaztetik zetozen nafarrak eta gaur hirugarren postuan kokatzeko aukera paregabea zuen, taula erdian dagoen Reusen aurrean.
Lehen zatian ezer gutxi eskaini dute nafarrek. Oso futbol gutxi ikusi da Sadarren eta ikusi den apurra kataluniarrek jarri dute berdegune gainean. Hala ere, ez dute aukera handirik egiterik izan.
Aldageletatik bueltan, aldiz, Osasuna beste aurpegi bat azaltzen saiatu da. Ez du futbol handirik eskaini, baina aurkarien atera begira jarri dira. Eta aukerak ere iritsi dira, onenak, Quiqueren oinetan. Lehena, gainera, sareetara bidali du aurrelari gorritxoak, baina epaileak baliorik gabe utzi du.
Handik gutxira, berriz ere aurrelarik izan du partidako aukerarik onena, baina kasu honetan zutoinera joan da baloia.
Emaitza honekin play-off postuetan mantenduko da Osasuna, biharko partiden esperoan, baina hainabt aurkariri aurre hartzeko aukera bikaina galdu dute Diego Martinezen jokalariek. Ostiralean Xixon bisitatuko du Osasunak eta aurkari zuzen duen Sporting izango dute parean.