INFO

Sagarrondoaren fruituak eskuan, kanpainaren agur ekitaldia antolatu du Seaskak

Baionako Bernat Etxepare lizeo berria ekipatzeko diru bilketa kanpainari agur esateko egun osoko egitaraua antolatu dute datorren martxoaren 10erako.


Baionako Bernat Etxepare lizeoa hornitzeko, 300.000 euro lortzeko xedea zuen ‘Hazten gaitu, hazten dugu’ kanpainari bukaera emateko egun osoko ekimena antolatu dute datorren martxoaren 10erako Baionan.

2016ko maiatzean abiatu zuten dinamika eta ordutik 3.700 laguntzaile lortu eta 2.500 sagarrondo banatu dituzte Euskal Herri osoan. Orotara 45 Herriko Etxeen laguntza izan dute bai eta 110 ikastola, elkarte eta enpresen sostengua ere. Kanpainaren baitan 40 ekitaldi ospatu dituztela gogoratu dute sare sozialetan zabaldu duten bideoan.

Sostengu kanpaina egun osoko egitarauarekin agurtuko dute. Goizean, 10.00etan Baionako ‘Euskararen sagartzea’ estreinatuko dute eta bertan aurrez banatutako 600 sagarrondo landatuko dituzte. Aperitifa eginen dute ondoren eta bazkaria ere eskainiko dute lizeoan. Arratsaldean, umeei zuzendutako animazioak izango dira eta gauean, 21.00etatik aitzina, kontzertuak.

Euskarak bere fruitua eman dezan, azken egunera arte jarraituko dute sagarrondoak saltzen. Guztira 300.000 euro bildu nahi zituzten Baionako Bernat Etxepare lizeo berria ekipatzeko. Txekez edo internet bidez egin ahal da ekarpena HEMEN. 30, 50, 100 edo norberak nahi duen euro kopurua eman ahal da laguntzeko. Laguntzaren truk sagarrondo bat jasoko da, norberak nahi duen lekuan landatzeko edo lizeoak berak osatuko duen ‘euskararen sagartzean’ landatzeko aukeren artean hautatu beharko da.