INFO

Hegoak ebakita berriro hegan egiteko kemenari omenaldia

Babesa erakutsiz, jendez bete zen Martin Ugalde Kultur Parkea, atzo 15 urte Auzitegi Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak gune bera hartu eta «Euskaldunon Egunkaria» itxi zuenean bezala. Kateari segida emanez proiektu hura gaur «Berria»-n bizi dela nabarmendu zuten ekitaldian.


Ekitaldi jendetsua izan zen “Euskaldunon Egunkaria” itxi zuteneko hamabosgarren urteurrenekoa, eta horrekin kontent zeuden bildutakoak. Juan del Olmo epailearen aginduz guardia zibilek hartu zuten Martin Ugalde Parkean, lehen “Egunkaria”-ren egoitza eta orain “Berria”-rena dagoen lekuan borobiletan solasean ari ziren, besteak beste, Miren Dobaran Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria eta Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Lorea Agirre “Jakin”-eko zuzendaria, Maialen Lujanbio bertsolari txapelduna eta Estitxu Eizagirre “Argia”-ko zuzendaria.

Pasilloak betetzen zituzten aurpegi ezagunen artean ziren Kirmen Uribe idazlea, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendaria, Mariano Ferrer kazetaria, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia eta Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentea ere.

Denak ekitaldi aretora sartu eta adi-adi entzun zituzten “Euskaldunon Egunkaria”-ren zuzendari zen eta gaur egun “Berria” gidatzen duen Martxelo Otamendiren hitzak. Duela hamabost urte Donostiako kaleak eta herrietako plazak betez, lantegiak itxiz eta hedabideak eskainiz, jasan zuten gogorkeria leuntzen lagundu zietenei eskerrak emanez hasi zen. Proiektu haren langileak omendu zituen, zuzendaritzako kideak atxilotuta zeudela biharamunean bertan gertatutakoa salatuz “Egunero” euskarazko egunkaria argitaratzeko kemena izan zutelako. Ez zuen ahantzi defendatu zituzten abokatuen «lan bikaina» ere.

Arduradunak, torturatuak

Lander Garroren dokumentala erakutsi zuten gero. Bertan azaltzen da “Egunkaria” «oso tresna baliagarria» zela informatzeko eta euskararen garapenean ere eragin handia izan zuela. «Herri ekimenez sortutako proiektu zoragarri bat zen eta hil ziguten», agertzen du Amagoia Gurrutxaga kazetariak. Auzitegi Nazionalaren aginduz 300 guardia zibilek etxeak, erredakzioak, “Jakin” eta Ikastolen Federazioa miatzeaz gain, «botere adierazpen» horretan periodikoaren arduradunak torturatu zituztela oroitu zuten. «Hauek torturatzen badituzte, zer ez ote dute egingo ustezko ETAko kide batekin?», galdetu zuen jende aunitzek orduan.

Gauzen balioaz ohartzen gara galtzen ditugunean. «Maite genuen txoriari hegoak ebaki zizkioten unerik onenean, hegan egitera zihoanean», azaldu zuen Iñaki Uria kontseilari ordezkari zenak. 140 langile zituen, 50.000 irakurle, enpresa osasuntsuak, eta bat-batean dena birrindu zen. Gero, heriotzak eta minbiziak etorri ziren. Baina txoria beldurrez ikaratuta egon arren, biharamunean argitara atera ziren “Egunero”-ren 50.000 ale eta denak amaitu ziren. Lau hilabete geroago, “Berria” jaio zen.

Joan Mari Torrealdai eta Beatriz Zabalondo “Egunkaria”-ren eta “Berria”-ren lehendakariek katearen jarraipena irudikatu zuten, eta proiektua «iragana ahaztu gabe geroaz jabetzeko tresna ezinbestekoa» dela aldarrikatu zuten.