INFO

Pisu turistikoen ordenantza berria onartu du Donostiako Udalbatzak, EAJ eta PSEren babesarekin

Eneko Goia alkateak nabarmendu du gaur EAJ eta PSE udal gobernuko taldeek onartu duten etxebizitza turistikoen ordenantzak Donostiako errealitateari erantzuten diola. «Oreka da kontuan hartu dugun lehenengo elementua; eskaintzaren kalitatea bermatzea, bigarrena», azaldu du. Kontra bozkatu dute, arrazoi desberdinengatik, EH Bildu, PP eta Irabazik. Zortzi auzo elkartetako kideak ere udalbatzan izan dira, pentsionistekin eta Stop Kaleratzeak taldearekin batera, kartelak eskuetan, ordenantzaren kontra daudela agertzeko.

EAJ eta PSEren botoekin onartu dute Donostian pisu turistikoen ordenantza berria. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Nahiko lasaia eta azkarra izan da gaur gai bakarraren inguruan egin den Donostiako udalbatza. U formako mahaian, talde politikoak, Eneko Goia alkatea buru. Haiei begira, aulkietan, zortzi auzo elkartetako kideak, auzoak bizirik nahi dituztela erakutsiz kartelen bidez. Pentsionistak eta Stop Kaleratzeak plataformako lagunak ere batu dira protestara.

Ezuste gutti zegoen etxebizitza turistikoen ordenantza berriaren onarpenaren inguruan, sustatzaileek, EAJ eta PSEk gehiengoa baitute gobernuan eta hori baliatuz aitzinera atera baitute araudia. Halere, kontra bozkatu duten oposizioko taldeen argudioak aditzeko aukera izan da, banan-banan, txikienetik handienera.

Irabazik bi arrazoi nagusi eman ditu aurkako botoa azaltzeko: etxebizitza, izenak ongi dioen bezala, bizileku bezala babesik gabe uzten du ordenantzak talde honen iritziz. Defendatu duenez, bizileku bat lortzea arazo larria den uneotan bizitzeko ez diren etxeak zorrotz kontrolatu behar dira eta araudi honek ez du hori bermatzen. Bestalde, mikroekonomia kolaboratiboa aukerarik gabe uzten duela agertu du, txikia eta handia maila berean jartzen dituelako ordenantzak.

PP bestelako motiboek eraman dute ezetz bozkatzera. Donostiak XIX. mendetik bokazio turistikoa duela oroitzen hasi, eta pisu turistikoengatik ez balitz gaur egungo bisitarien %70 ez litzatekeela etorriko baieztatuz bukatu du.

EH Bilduk grafiko bat erakutsi du, goranzko joera nabarmenarekin, Donostiako etxebizitzen prezioa islatuz. «Gero eta donostiar gehiagok joan behar dute kanpora, hemen ezin direlako bizi», salatu du. Ordenantza berri honek arazo hau konpontzea baino larriagotzea ekarriko duela esplikatu du. Eta erantsi du bizilagun komunitate eta auzoetan ere eragin negatiboa izanen duela.

Araudi honen aurretik ordenantza bat ezarrita dagoela ere ohartarazi du, hau da, araudiak ez duela orain arte arautua ez den zerbait arautzen. «Iruñea eta Bilbon balio duenak hemen ez du balio», erran du. Eta Donostiako ordenantza hau zein bakarrik onartu duten azpimarratu du.

PSEk «jakina etxebizitza eskubidea defendatzen dugula», bota du, eta EAJk araudiaren bertuteak azaldu ditu. Eneko Goia alkateak «egoera berri baten aurrean» oreka bilatu dutela agertu du, bizilekuaren izaera gordez eta, aldi berean, turisten eskaerei erantzunez.

Arrazoiak entzunda, bozkatzeari ekin diote, eta, espero bezala, etxebizitza turistikoen ordenantza aurrera atera da EAJ eta PSEren botoekin.