INFO
Entrevue

Planto egin zuten emakumeak: eskubideen aldeko borroka, atzera bueltarik gabeko pausoa

Parekidetasun ezaren sustraiak sakonak dira; ez da atzo goizeko desoreka. Horren kontzientzia eta horren kontrako borroka ere aspaldikoak dira. Joan den mendeko adibidea da Hernaniko Zikuñagako paper lantegikoa. Frankismo bete-betean, 30 emakumek planto egin zuten, beren lan baldintzak injustuak zirela ulertuta. Mende honetakoa da Arrigorriagako Indusal garbiketa lantegiko adibidea. Lan bera egin arren, gizonezkoek soldata handiagoa zutela-eta abiatu zuten greba bertako langileek, emakumeak gehienak. Behin jantzita, erantzi ezina da genero kontzientzia.


Miren Clemente

 

«Gure lana ez omen zen garrantzitsua, baina, gu geratu ginenean, enpresa geratu zen»

Hernaniko Zikuñagako paper lantegian 14 urte zituela hasi zen lanean Miren Clemente, 1957an. «Niretzat, aitaren fabrika zen, bertan lan egiten zuelako. Ni hasi nintzen garaian etxeko lau kide ari ginen bertan lanean; aita, anaia, ahizpa eta ni. Garai hartan ohikoa zen 14 urte bete orduko lanean hastea. Lantegiko lanaz aparte, etxean ere aritzen ginen zelofan poltsak atontzen, ume-umetatik. Etxera diru gehixeago ekartzeko modua zen; beltzean egiten zen lana eta herriko etxe askotan aritzen ziren horretan».

Miren Clemente 14 urterekin lanean hasi eta 18 urterako Enpresa Juradoan sartu zen, bere saileko ordezkari. Egungo enpresa batzordearen antzekoa zen Enpresa Juradoa. «JOC (Juventudes Obreras Católicas) inguruan mugitzen hasi ginen eta hor hasi nintzen ni kontzientzia soziala hartzen. Leloa honakoa izaten zen: ‘Ikusi, epaitu eta ekin’. Nazioarte mailakoa zen eta 1962 inguruan Estrasburgon egon nintzen langileen batzar batean. Gerora ere Estatuko beste toki batzuetan egon nintzen, JOCen eskutik, langileen batzarretan. Ni pixkanaka klase kontzientzia hartzen joan nintzen».

Garai hartan, 450 langile zituen Zikuñagako lantegiak, sail desberdinetan banatuta. «Gure sailean papera manipulatzen aritzen ginen 37 emakume inguru. Beheko solairuan egiten zen papera eta gu goiko solairuan egoten ginen. Paper xafla handiak ekartzen zizkiguten eta gure lana izaten zen horiek koadratzea, akatsa zuten paperak apartatzea eta tamaina desberdinetan moztea. Dena eskuz egiten zen. Eskuekin abilezia behar zen lan hori egiteko. Baina, gero, ehun kilotik gorako pisua zeukaten paper bobinak mugitzen ere aritzen ginen», gogoratu du. Astean 48 ordu lan egiten zuten eta lantegiko gizonezkoek baino soldata baxuagoak zituzten. Egiten zutenaren arabera kobratzen zuten soldata; hainbeste lan, hainbeste diru. Eta soldata hori prima batzuekin osatzen zuten.

«Egunean zortzi ordu lan egiten genituen, astelehenetik larunbatera. Eta aparteko orduak ere sartzen genituen. Eguerdian ordu erdi izaten genuen bazkaltzeko. Gure sailean kristalezko ate bat zegoen, kanpotik nola lan egiten genuen kontrolatzeko. Egun batean, bazkaritik bueltan, ate hori puskatu egin zen eta lankide bati leporatu zioten atea puskatu izana. Zigor modura, astebete etxera bidaliko zutela esan zioten. Beste lankide bat eta biok joan ginen langileen buruarengana kexa formala aurkeztera, berak ez baitzuen atea puskatu. Garbi hitz egin zigun: ‘Kendu ezazue erreklamazio hori. Langile horrek 13 urte baino ez ditu eta legez ezin du lanik egin. Kexarekin aurrera segituz gero, zuek irabaziko duzue, baina neskatoa kalera joango da eta lanik gabe geldituko da’. Neskato hori zazpi anai-arrebatan zaharrena zen eta isildu eta neskatoa legez kanpo lanean ari zela onartu behar izan genuen. Zergatik? Bestela bere etxean soldata hori gabe geratuko zirelako eta behar-beharrezkoa zutelako. 16 edo 17 urte nituen, baina oraindik gogoratzen naiz egoera hark nolako mina sortu zidan. Neskatoarengana hurbildu, barkamena eskatu eta onena astebeteko zigorra betetzea zela esan genion».

1967. urtean, ordura arteko primen balorea aldatu zuen zuzendaritzak, egun batetik bestera eta aurretik langileei jakinarazi gabe. Lehen primetan ordaintzen zietena, soldatan sartu zuten egun batetik bestera. Lan bera, soldata gutxiago. Ondorioz, langile batzuk %50 gutxiago kobratzen hasi ziren; 105 pezeta beharrean, 59 pezeta. «Guretzat primak oso garrantzitsuak ziren. Soldata oso-osorik etxean ematen genuen eta primen bidez lortzen genuen zeozer aurreztea. Emakume askok gero ezkontzeko dotea osatzen zuen diru horrekin». Egin kontu garai hartan behin ezkonduta emakumeak ezin zuela lanean segitu. Enpresak berak dotea ematen zion emakume langileari ezkondu eta lana uzten zuenean, lan egindako urteen araberako dotea.

30 emakume, greban

Enpresaren neurriak legez kanpokoak ziren. Eta halaxe jakinarazi zien Miren Clementek lankideei eta enpresako buruei. Ordurako, bere saileko ordezkaria zen Enpresa Juradoan. Enpresaburuekin saiatu zen egoera bideratzen, baina alferrik. Horregatik erabaki zuten plantoak egiten hastea. 1967ko irailaren 7an hasi ziren bi orduko plantoak egiten. Hirugarren egunean, lanpostuan egon ziren, baina lanik egin gabe. «Ez ziguten kasurik egiten. Enpresako zuzendariak Enpresa Juradoko ordezkariak bildu eta beren ikuspegia azaldu zigun: ‘Egiten ari zaretena oso larria da. Jarrera hori bertan behera uzten ez baduzue, Guardia Zibilari deituko diogu’». Ordurako, manipulazio saileko 30 langileak, emakumeak guztiak, greban zeuden.

Protesta hasi eta hirugarren egunean bertan sartu zen Guardia Zibila Zikuñagako paper lantegiko manipulazio sailera. «Sailez sail joan ginen korrika Guardia Zibila sartu zela jakinaraztera. Gainontzeko sailetako lankideentzat ere kolpea izan zen Guardia Zibila enpresan sartzen ikustea. 30 lagun ginen greban, denak emakumeak, eta batez beste 22 urtekoak. Tartean, 14 urtekoak ere bazeuden».

«Pixkanaka jendea kaleratzen hasi ziren; lehenengo lau eta, gero, eguneko bi langile. Oso gogorra izan zen egunez egun kaleratzen zituztenen izenak jakitea. Lankide taldea oso sentsibilizatua zegoen aurretik eta oso batuta geunden. Bazkaltzeko garaian hizketan aritzen ginen; gure egoera ez zela ona, adarra jotzen ari zitzaizkigula, gizonezkoek baino askoz gutxiago kobratzen genuela, zeozer egin beharra zegoela egoera hura aldatzeko... Grebaren aukera mahai gainean jarri eta inork ez zuen atzera eman pausoa. Kaleratzeekin mehatxu egin zigutenean ere garbi genuen: bat kaleratzen badute, inor ez da lanera bueltatuko, talde bat gara. Azkenean, horrelaxe gertatu zen, denak kalean utzi gintuzten».

Miren Clemente lehen lau kaleratuen artean zegoen. «Nik aparteko tratua nuen, Enpresa Juradoko kidea nintzelako. Protestan hasi orduko lana eta soldata kendu zizkidaten, epaiketaren zain. Zirikatzailea izatea leporatzen zidaten».

Goizero izaten zuten lantegian Enpresa Juradoaren bilera –hor jakinarazten zituzten kaleratuak– eta, arratsaldetan, herriko areto desberdinetan biltzen ziren. «Herrian eragin handia izan zuen. Ez zen erraza, maiz langileen amak gerturatzen zitzaizkidan kontuak eskatzera; ume moko batzuk ginela, ez genekiela zertan ari ginen... Nik ulertzen nuen ama horien kezka. Dirua behar zen etxean. Beste aldetik, herriak erabat babestu gintuen. Dirua eta jatekoa bildu eta kaleratuen eskura jartzen zuten herritarrek. Genituen beharren arabera egiten genuen banaketa. Esaterako, gure artean bazen seme-alabak zituen alargun bat –alargundu eta gero lanera bueltatzeko baimena izaten zen– eta, haren beharrak handiagoak zirenez, parte handiagoa ematen genion».

Lana, katean

Paper lantegian katean lan egiten zen. Grebaren eta kaleratzeen ondorioz, ekoizpen katea ez aurrera ez atzera geratu zen, erabat geratuta. «Hori oso garrantzitsua izan zen guretzat. Beti esaten ziguten gure lana ez zela garrantzitsua, edonork egin zezakeela eta hutsala zela, baliorik gabea. Baina gu geratu ginenean, enpresa geratu zen. Zikuñagako paper lantegiko buruek inguruko paper lantegietara jo zuten, manipulazio sailean ziharduten emakumeek gure lana egin zezaten eskatuz. Lan hori ezin zuen edonork egin, garrantzitsua zen esperientzia izatea. Baina ez zen inor etorri. Elkartasuna sekulakoa izan zen eta gure borroka erabat kolektiboa bihurtu zen. Gu geu konturatu ginen gure lana garrantzitsua zela eta ezin zuela edonork egin. Hori oso faktore garrantzitsua izan zen guretzat».

Emakumeen grebak enpresari eta beste sailetako gizonezko langileei eragin zien beraz. «Gure kezka nagusietakoa zen grebak enpresari eragitea, ez gure lankideei. Egia da gu geratu ginenean, haien sailak ere geratu egin zirela eta kezka sortu zela. Baina lortu genuen enpresaburuak onartzea beste sailetako langileei ez ziela ezertan eragingo gure protestak. Eta halaxe jaso genuen akta batean. Lorpen garrantzitsua izan zen guretzat».

Grebalari guztiak kaleratuak izan ziren eta, Frankoren Erregimenak guztiz kontrolatutako Sindikatu Bertikalaren arabera, kaleratzeak bidezkoak izan ziren. «Kaleratutako askok hilabeteak behar izan zituzten berriro lana topatzeko. Zikuñagako fabrikako buruek eskutitzak bidali zituzten beste enpresetara, ‘emakume arriskutsuak’ zirela esanez. Neroni urtarrilean edo hasi nintzen herriko beste enpresa batean lanean eta hango zuzendariak erakutsi zidan Zikuñagatik bidalitako gutuna».

Miren Clemente epaitu egin zuten: «Zirikatzea, asaldatzea eta ez dakit zenbat gauza gehiago leporatu zizkidaten». Lehen epaiketa Donostian izan zuen eta, bigarrena, Madrilen. «Nire kaleratzea erabat bidezkoa izan zen epaiaren arabera. Lanik gabe eta kalte-ordainik gabe geratu ginen denok».

«Amnistia laborala»

Hamar urtera, frankismoaren amaierarekin, ‘amnistia laborala’ etorri zen, 1977an. «Kotizazio eta indemnizazio txiki batzuk jaso genituen. Ordurako Hernanin Langile Ikastola martxan zegoen, kooperatiba moduan. Hamar urteren buruan berriz bildu ginen Zikuñagako lankideak eta denon artean erabaki genuen indemnizazio txiki horren %10 ikastolara bideratzea. Zehazki, bakoitzak bere indemnizazioaren %10 eman zuen langabezian zeuden ikastolako gurasoentzat».

Zikuñagako greba hartan irakaspen oso garrantzitsua jaso zuen Miren Clementek, gerora sekula erantzi ez duen genero kontzientzia orduan jantzi zuela uste du. «Emakumeak garrantzitsuak ginela konturatu ginen. Zergatik mespretxatzen zuten gure lana? Fabrika oso bat gelditzea lortu genuen, nahiz eta gure lana hutsala zela esaten ziguten. Ume moko batzuk ginela ere esaten ziguten. Baina konturatu ginen esaten zigutena ez zela egia. Gu garrantzitsuak ginen eta gure lana garrantzitsua zen».

Raquel Azpiazu

«Lan berdina egiten genuen, baina ez genuen soldata berdina»

Raquel Azpiazu 2000. urtean hasi zen lanean Indusalen, Arrigorriagan kokatua dagoen industria-garbitegian. «Indusalen ez zen sekula ez sindikaturik ez bestelakorik izan. 2007an, langileak antolatzen hasi ginen eta LAB sindikatua sartu zen. Lansariak-eta begiratzen hasi eta konturatu ginen lantegian gizonezkoek emakumezkoek baino gehiago kobratzen zutela. Zehazki, bi plus zituzten, espresuki gizonezkoei emanak; toxikotasun-plusa (106 euro) eta jarduera-plusa (200 euro). Aurretik bagenekien zeozer bazela, plus desberdinak zeudela langileen artean, baina ez genekien zehatz zertaz ari ginen. Emakumezko batzuek ere bazuten jarduera-plusa, baina gizonezkoena baino baxuagoa. Lan berdina egiten genuen, baina ez genuen soldata berdina», hasi da kontatzen Raquel Azpiazu, Indusaleko lan batzordeko kidea.

Enpresaburuengana joan eta plus horien inguruan galdera luzatu zitzaien. «Duela asko jarritako plusak zirela erantzun ziguten. Hor zeudela eta kito». 2008an Indusaleko langileek greba abiatu zuten, lan hitzarmena eskatzeko. Beren eskari nagusienetakoa emakumezkoen eta gizonezkoen soldatak berdintzea zen. Sasoi hartan langileen %80 inguru emakumezkoak ziren.

«Grebaren aurretik, langileen artean haserrea zen nagusi, lan baldintzak oso kaskarrak zirelako. Emakumeen eta gizonen arteko soldata desberdintasunak ere egonezin handia sortzen zuen. Giroa oso bero zegoen. Enpresaren jarrera oso zurruna zen, ez zen mugitzen. Segur aski gehiengoa emakumea izateak bazuen zerikusia jarrera horretan. Badirudi emakumeei beti erakutsi digutela konformatzen, ahotsa gehiegi ez altxatzen. Emakumeak etxera eramaten duen soldata gizonezkoarena pixka bat osatzeko dela ulertzen dute oraindik askok», iritzi dio Azpiazuk.

Indusalen, baina, planto egitea erabaki zuten. «Hilabete eta erdi egon ginen greban. Oso gogorra izan zen. Gure enpresan sekula ez zen ez langile batzorderik ez ezer izan, ez zegoen negoziatzeko ohiturarik, langileok ez genituen gure eskubideak ondo ezagutzen... Dena zerotik hasi beharra izan genuen».

Greban egondako langileak bakarrik daki egoera horrek zer-nolako higidura eragiten duen, baina badu alderdi gozoagorik. «Grebak asko batu gintuen, eta indartu. Ordura arte asko jasan genuen, injustizia asko isil-isilik pairatu genituen. Une batean ‘nahikoa da’ esaten baduzu, pausoa aurrera ematen baduzu, ez dago atzera bueltarik. Nire kasuan, beldurra galdu nuen. Langile bezala ditudan eskubideen jakitun egin nintzen eta geroztik ez naiz pertsona bera. Nabarmendu behar dut, era berean, garai hartan enpresan lan egiten zuten gizonezkoek –dozena bat inguru–, grebarekin bat egin zutela, nahiz eta beraiek guk baino gehiago irabazi. Hori ere positiboa izan zen», nabarmendu du.

Erakundeen egitekoa

Indusaleko langileek han eta hemen salatu zuten sufritzen zuten genero diskriminazioa eta erakunde askoren babesa jaso zuten. Horrez gain, lan ikuskaritzak isuna ezarri zion enpresari, diskriminazio hori tarteko. «Isuna jartzea ondo dago, baina ez da nahikoa. Alegia, ez zuten neurririk hartu genero diskriminazio hori desagerrarazteko eta denboran zehar ez zioten jarraipenik egin enpresari. Guk bakarrik segitu behar izan genuen gure borrokarekin. Zentzu horretan, babesik gabe sentitu ginen. Guk ulertzen genuen isuna jarri baino gehiago egin behar zutela erakundeek. Sentsazio gazi-gozoa izan zen guretzat».

Diskriminazio horrekin amaitzea lortu zuten, gutxi gorabehera. «Plus desberdinak lortu genituen, berdinak emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat. Gaur egun ez dago diskriminazio hori. Egia da antzinatasunarekin lotutako plus batzuek bere horretan segitzen dutela eta ezin direla aldatu. Baina, gaur egun, langile berri bat sartzen bada, ez dauka plus berezi bat gizonezkoa izateagatik. Eta, lehen, bai», azaldu du Azpiazuk.

Grebatik lanera bueltatzea poza da, baina estutasuna ere bai. «Okerrena grebarekin bat egin ez zutenekin, eskirolekin, lanera bueltatu beharra izan da. Era berean, lortutakoa guk lortu izanaren poza handia da. Horrek indar handia ematen du. Baina grebaren arrastoak luze iraun zuen. Grebalarien kontrako jazarpena egon da urteetan». Raquel Azpiazuk, baina, garbi dauka borrokak indartu egin duela pertsonalki. «Bat-batean, zure buruari esaten diozu dena ez duzula jasan behar, dena ez dela zilegi. Horrek indartu egiten zaitu eta ja ez dauka atzera bueltarik. Gaur egun hainbeste entzuten den ‘hau da dagoena’ esamoldeak asko haserretzen nau. Ni orain askoz pertsona seguruagoa naiz: badut nire eskubideen berri eta ez daukat horiek zapaltzen uzteko asmorik».