INFO

Matteo Renziren metamorfosia, edo narratutako erorketa baten istorioa

Behinola italiar sozialdemokraziaren «haur prodijioa», Alderdi Demokratikoaren historiako emaitza hoberenen artifizea. Zerua eta infernua ezagutu ditu Renzik, politika atzeko atetik utzi aurretik.

Matteo Renzi, aurreko agerraldi batetan. (Alberto PIZZOLI / AFP)

Bada politikarien artean joera gogaikarri bat, batez ere hauteskundeen biharamunean erakusten dutena. ‘Irabazlearen sindromea’ deitzen zaio, eta, emaitzak emaitza, norbera hauteskunde zitako garaile gisa agertzean datza. Batzuetan, bada, errealitatea da bakoitza nor bere lekuan jartzen duena, hau desitxuratzea ezinezko egiten duena.

Horixe bera da Matteo Renzi Alderdi Demokratikoko hautagaiari gertatu zaiona Italiako hauteskunde orokorren ostean: emaitzak argigarriegiak suertatu zaizkio bestelako irakurketarik egiteko. Krudel hartu du errealitateak, berak eta bereek huts egin dutelako hautesleekin zuten zitan. Huts egitea, baina, aurreikuspenetan sartzen zen; ez, ordea, hondoa jotzea. Izan ere, botoen %20 baino gutxiago lortuta, historiako emaitzarik eskasenak erdietsi ditu sozialdemokrazia italiarrak.

Renziren behinola «haur prodijiotzat» hartua izan zenaren erorketa, baina, narratua izan da. Argi-ilun ugari izan ditu boterean eman duen denboran, hasieratik gainera. 2014ko otsailean hartu zuen herrialdeko lehen ministro kargua. Ezagun egin zen garai hartan orduan kargu horretan zegoen Enrico Lettari zuzendu zion esaldia: «Stai sereno» –lasai hartu– esan zion, dimitiarazi eta kargua ‘ostu’ baino egun batzuk lehenago. Aurrerantzean, bizkarretik emandako labankadaren esanahia hartu du Renziren «stai sereno»-k italiarren artean.

Inteligentea, sinplea eta sotila zen politikari toscanarra, eta Italiako panorama politikoa irauli asmo zuen. Herrialdean politika egiteko moldeak aldatu nahi zituen, burokrazia gutxituz eta jarduera politikoaren garapena erraztuz. Hala, historiako lehen ministrorik gazteena bilakatu zen, 39 urte soilik zituela. Aurrez, baina, bazuen esperientziarik politika instituzionalean; Florentziako alkate izana zen.

Boterera iritsi berritan jo zuen goia Renzik: 2014ko maiatza zen hauteskunde europarretan botoen %40,8 bereganatu zituenean. Alderdiak historian erdietsi duen emaitzarik hoberena lortu zuen Renzik, baina baita okerrena ere. Bi muturren artean hamaika faktore, toscanarraren metamorfosian eragin dutenak. Horien artean, eta garrantzitsuenen baitan, 2015eko lan-erreforma, gazteenen kaleratzea erraztu eta helduenen eskubideak lehenetsi zituena. Mugimendu interesgarria bereziki heldua den herrialdean, baina era berean gazteen babesa galtzea eragin ziona.

Renziren etorkizun politikoa gehien baldintzatu duena, baina, 2016ko konstituzio-erreferenduma izan da. Bere figuraren aurkako galdeketa bilakatu zen herrialdearen sistema politikoa aldatu gura zuen iniziatiba –Senatuaren eskumenak indargabetuz–, eta italiarren %60ren aurkakotasuna jaso zuena, politikari toscanarraren gainbeheraren hasiera markatuz. Igandeko hauteskundeetara bitartean, baina, izan du Renzik itxaropenerako motiborik, batez ere 2017aren hasieran alderdiak egin zituen primarioak irabazi zituenean; aise gailendu zen Renzi, botoen %70 jasota.

Hauteskunde porrota izan da, baina, toscanarraren ibilbide politikoaren amaieraren hasiera. Gaur-gaurkoz, Alderdi Demokratikoaren idazkari nagusi kargua utziko duela agindu du Renzik, hori bai, Italiak Gobernu berri bat izendatzen duenean. Bitartean, etorkizun errazik ez duen alderdiaren epe laburreko estrategia iragarri du: «Koaliziorik ez erradikalekin».

Izan ere, bi erronka nagusiri egin beharko dio aurre Alderdi Demokratikoak epe laburrean: alderdiaren beraren lidergoa berritu beharko du batetik; bestetik, hauteskundeek zabaldu duten aroan zer funtzio bete erabaki beharko du. Bada alderdiaren baitan Renzi ordezkatzeko bere burua aurkeztu duenik –Carlo Calenda Ekonomia ministroa, esaterako– eta, era berean, badira Bost Izar Mugimenduarekin koalizioa egitearen alde agertu direnak ere.