INFO

Erasoei erantzuteko, «udaberri feminista» abiatu du Aitzinak

«Eraso sexistarik gabeko besta guneak sortzea» helburu duen Udaberri Feminista ekimenaren lehen saioa gaur burutuko da Baionako Zizpa gaztetxean. Ekaina bitartean, formakuntza ikastaroak eskaini, eta eraso sexistei aurre egiteko protokolo bat ezarriko dute.


Festa eremuetan gertatzen diren eraso sexistei aurre egiteko Udaberri Feminista abiatu du Aitzina gazte antolakundeak. Martxan jarri duten egitasmoa eraginkorra izan dadin, bi esparru landuko dituzte gaurtik hasi eta ekainera bitartean: «Prebentzioa eta erantzuna».

Aitzina-ko kideen iritziz, prebentzioaren atalean «bereziki beharrezkoa da formakuntza lan bat burutzea»; horregatik antolatu dute Nafarroa Behere eta Lapurdiko gaztetxe nagusietatik iragango den formakuntza egitasmoa. «Protokoloa egoki aplikatzeko beharrezkoa da formakuntza bat jasotzea; zeren, esate baterako, eraso sexista bat detektatzeko berau zer den ikasi behar da», esplikatzen zuen Aitzinako talde feministako kide Armelle Etcheniquek.

Teoria eta praktika uztartuz

Gaztetxeetan egingo dituzten ekitaldietan teoria eta praktika uztartuko dituzte; izan ere, egunean zehar egingo dituzten formakuntza saioek, besteak beste, protokoloa nola ezarri ikasteko balioko dute eta egunari amaiera emateko antolatu dituzten gaualdietan, ostera, protokoloa aktibatzeko ariketa praktikoa gauzatuko dute.

Formakuntza ikastaroak eskainiko dituzten lekuetako talde eta elkarteen parte hartzea bermatu nahi dute Aitzinako kideek. Etcheniquek transmisioak eskaintzen duen eraginkortasuna azpimarratu zuen: «Formakuntza irekia da, nahi duen oro etor daiteke, baina bereziki antolatua dagoen jendea erakarri nahi dugu, zeren badakigu gonbidatu ditugun elkarteetako kide guztiak ez direla etorriko, baina etortzen direnek gero haien taldeetan ikasi dutenaren berri ematea oso garrantzitsua da».

Lehen saioa gaur bertan izango da Baionako Zizpa gaztetxean. Bertan, Baionako hainbat elkartetako ordezkariez gain, Biarritz eta Uztaritzeko gaztetxeetako kideak ere izango dira. Arratsaldean egingo duten tailer feminista amaitu ostean, Ze Esatek, Liher eta DJ Calm y Dia taldeek kontzertua eskainiko dute. Formatu hori bera datozen egunetan errepikatuko dute Hazparneko Ttattola gaztetxean, apirilaren 21ean; Azkaineko Kilika gaztetxean, maiatzaren 18an; eta Donibane Garaziko gaztetxean, ekainaren 2an.

Aitzinako kideen esanetan, harrera «zinez ona» izan zuten egitasmoa garatzeko harremanetan jarritako gaztetxeetan. «Gure inpresioa da behar baten erantzuna izanen dela ekimen hau, zeren pozik hartu dute proposamena, gurekin lan egiteko gogotsu, eta ondorioz, gu ere animatuak gaude, zeren badakigu zailtasunak izanen direla, baina kanpainaren amaieran zerbaiten hasiera izan dela ohartuko gara», egin zuen gogoeta Armelle Etcheniquek.

«Martxa baten lehen notak»

Mikel Laboaren abesti famatuaren izenburua hautatu dute Aitzinako kideek datozen lau hilabeteetan gauzatuko duten Udaberri Feministaren goiburu gisara. Etcheniqueren iritziz, izenburu horrek «oso ongi adierazten du egitasmoaren zioa, hau da, ekainean ez da ezer amaitzen, alderantziz, hastapen bat izango da, eraso sexistarik gabeko guneak eraikitzeko lehen urratsa».

Udaberria kontzientziazio lana egin eta informatzeko baliatuko dute, hots, aktibo izan daitezkeen kideak prestatzeko, baina azken helburua praktikan eraginkorrak izatea da, hau da, besta guneetan izan daitezkeen eraso sexisten aurrean modu eraginkorrean erantzuteko gai izatea, eta horretarako, protokolo bat ezarriko dute, udaberriaz harago, urteko edozein sasoitan, eta batez ere udako bestetan, erabili ahal izango dena.

Formakuntza ikastaroetan parte hartuko duten taldeekin harremanetan jarraitzeko asmoa ere agertu zuten Aitzinako kideek, zeren «bidea luzea izango dela» aurreikusten dute. Etcheniquek kontatzen zuen moduan, «protokoloaren afixa jartzeak bakarrik ez du bat-bateko aldaketa ekarriko, denbora emango du gauzak aldatzeak; afixak ikusi, protokoloaren berri izan, eta jarraipen bat ere egin behar da, ekimenak zein harrera izan duen aztertu, ekarpenak jaso, eta abar».

Haize freskoa

Aitzinako talde feminista eratu berria da, baina dagokien esparruan lan egiteko gogoz ageri dira bertako kideak. Ipar Euskal Herriko testuinguru politiko berrira egokitzeko Aitzinak abiatu zuen eztabaida prozesu baten ostean, iazko azaroan aurkeztu zuten “Jauzi bat aitzina” txostenak ekarritako ondorioetako bat da gazte erakundearen baitan sortutako talde feminista.

Lau urteko ibilbidearen ostean Aitzinak egin dituen berregokitze esanguratsuenak bi zutabe nagusitan bereizten dira, batetik ildo politikoan, eta bestetik antolakuntza ereduari dagokionez. Hain zuzen, eredu berria eraginkorrago izateko hiru «talde tematiko» eratu zituzten, hiru gairen inguruan, feminismoa, euskara eta etxebizitza.

Iaz hasi ziren talde feminista eratzen eta irailerako jada helburuak finkatuak zituzten. Hortaz, Aitzinak garai berriei egokitutako plangintza aurkeztu zuenerako jada martxan ziren. Etxebizitzaren arazoa landuko duen taldea ere hastapenetan da; joan den martxoaren 3an zirtzilez mozorrotuta Kanbon burutu zuten ekimena da horren lekuko. Eta aurrerago, euskararen gaiari eutsiko dion taldea osatzeko asmoa ere badute.

Egun, Ipar Euskal Herriko hainbat herritan bizi diren 16 eta 29 urte bitarteko hamabost neskak osatzen dute Aitzinako talde feminista. Etorkizunean ordea, «eskualdeetan taldeak sortzea litzateke gure nahia, zeren horrela askoz ere eraginkorragoak ginateke», nabarmentzen zuen Etcheniquek.

Taldea sortu bezain laster beste talde feminista batzuekin harremanetan jarri ziren beren burua aurkeztu eta aurrerantzean elkarlanean aritu nahian. Aitzinako kideak gustura daude izan duten harrerarekin: «Uhin berri bat etortzeak itxaropena piztu du, etorkizuna badela transmititzen da».