Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain Lannemezaneko espetxera gerturatu dituzte
Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain euskal preso politikoak Lannemezaneko espetxera gerturatu dituzte, Etxeratek jakinarazi duenez. Biak SaintMaur-eko kartzelan zeuden, Euskal Herritik 680 kilometrora.
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Jon Gurutze Maiza preso etxarriarra eta Alberto Ilundain iruindarra Lannemezaneko espetxera lekualdatu dituzte.
Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain Lannemezango espetxera lekualdatu dituzte https://t.co/qb4oP95SJO
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) March 23, 2018
Bi preso nafarrak Saint Maur-eko kartzelan zeuden, Euskal Herritik 680 kilometrora.
Ilundain eta Maizarekin, dagoeneko zazpi dira azken asteotan Gobernu frantsesak gerturatu dituen euskal preso politikoak. Lehen biak Zigor Garro eta Julen Mendizabal izan ziren. Saint Maur eta Osnyko kartzeletatik Mont-de-Marsanera lekualdatu zituzten otsailaren bukaeran.
Martxoaren hasieran, berriz, beste hiru preso lekualdatu zituzten: Josu Urbieta azpeitiarra, Raul Aduna gasteiztarra eta Jon Salaberria donostiarra. Urbieta eta Aduna Poitiers-Vivonneko kartzelan (550 kilometrora) aurkitzen ziren eta Salaberria, aldiz, Alençongo espetxean (830 kilometrora).
Bai EPPK-k baita preso bakoitzak, indibidualki, Mont-de-Marsanera gerturatzea eskatu zuten, eta presoen urrunketarekin amaitzea da Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batek frantziar Justizia Ministerioarekin izan dituen harremanetan eskakizun nagusietako bat. Bilera horien fruitua izango lirateke gerturatze hauek.