INFO

Altsasuko hiru gaztek 500 egun bete dituzte espetxean

Oihan Arnanz, Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda altsasuarrek 500 egun bete dituzte jada espetxean, 2016ko urriaren 15ean taberna batean bi guardia zibil eta beren bikotekideekin izan zen liskar baten ondoren, handik hilabetera, atxilotu zituztenetik. Hirurak eta auzipetuta dauden beste bost gazteak apirilaren 16tik aurrera epaituko dituzte Auzitegi Nazional espainolean. Guztira 375 urteko espetxe zigorrei egin beharko diete aurre.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


2016ko urriaren 15ean Altsasuko taberna batean goizaldean bi guardia zibil eta beren bikotekideekin izan zen liskarra dela-eta zortzi gazte epaituko dituzte apirilaren 16tik 27ra Auzitegi Nazional espainolean, «terrorismoa» leporatuta. Guztira 375 urteko kartzela zigorrari aurre egin beharko diote; batentzat 62 urte eskatzen ditu fiskalak; beste seientzat 50na urte eta zortzigarrenarentzat hamabi urte eta erdi.

Auzipetutako hiruk –Oihan Arnanz, Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Aldak– espetxean jarraitzen dute eta gaur 500 egun bete dituzte, beren senideek gogora ekarri dutenez. 

Auzi honen inguruko informazioa zabaldu asmoz, Altsasuko herriak eta bertako 48 elkarte eta taldeek Nafarroako eskualde guztietatik bira egin dute azken asteotan. Otsailean hasi eta joan zen larunbatean egin zuten azken etapa, Erriberan.

Kontzentrazioak eta manifestazioa

Nafarroako erdialdeko gazteek ere makina bat ekimen antolatu dituzte Altsasukoei elkartasuna adierazi eta auzia salatzeko. Hala, apirilaren 5, 6 eta 7an kontzentrazioak egingo dituzte Larragan, Erriberrin, Barasoainen eta Artaxoan, eta manifestazioa Tafallan (7an), 17.30ean.

Epaiketa hasi baino bi egun lehenago, apirilaren 14an, manifestazioa egingo da Iruñean, 17.30ean.