INFO

Migrazioaren auzia dela-eta buruko harresiak hausteko eztabaidagunea Bidarten

Gobernu frantsesak aurkeztu duen lege egitasmoa aztertzeko saioaren atarian, Etorkinekin plataformak «pertsonen ehizari» alternatiba emateko beharraz eztabaida orokorra egingo du, apirilaren 7an.


Iaz Estatu frantseseko 470 elkartek migrazio politikari buruzko konferentzia antolatzeko agindu zioten Gobernuari, eta honek, eskakizunari bide eman beharrean, migranteen egoera oraindik ere zailagoa bilakatu dezakeen lege egitasmoa proposatu zuen Gerard Collomb Barne ministroaren eskutik.

Egoera horren aurrean, ehunka elkarteren sostenguz, migrazioari buruzko eztabaida orokorra («états généraux») antolatzeko gonbidapena zabaldu zuten, iragan azaroan, Parisetik. Deialdiari jarraipena emanen dio, heldu den hilabetean, Etorkinekin plataformak Euskal Herrian.

Hamahiru bat elkarte biltzen dituen plataforma duela bi urte eratu zen. Geroztik hainbat eztabaida eta sostengu ekimen antolatu ditu. Heldu den apirilaren 7an Bidarteko Estia ingeniaritza eskolan izanen den jardunaldiarekin abagune berria nahi du markatu.

Eve Navarrok azaldu zuenez, «urgentzia humanitarioaren logikatik aldenduta, arnasa sakoneko gogoeta nahi dugu planteatu, oraingoan, gizarte orokorrari zabalik dagoen eztabaida moldea eskainiz».

Frantses Legebiltzarrean migrazio lege berria aztertzeko izanen den saioaren atarian gertatuko da, hain zuzen, eztabaida orokor hau. William Lopezen esanetan, «lege egitasmo hori bertan behera uztea ezinbestekoa da, baina, guri dagokigunez, migrazioari buruzko begirada aldatzeko asmoz herritarrengan eragitea da gaur-gaurkoz lehentasuna ».

Hitzaldiak eta gai ezberdinei buruzko lantaldeak izanen dira, 9.00etatik 18.00etara. Jardunaldiaren amaieran ondorioak bilduko dituzte, Argitxu Dufauk zehaztu zuenez, «euskal herritarren iritziak lehenik hexagono mailan antolaturiko koordinazio gunera eramateko eta handik Pariserat».

Alderdiak kenduta, gizarte eragile guztiei eta oro har herritarrei deia luzatu zieten antolatzaileek atzo Baionan eginiko agerraldian. Beñat Gaxenek nabarmendu zuenez, «migrazioaren auziak denok hunkitzen gaitu eta horregatik inportantea da aniztasunetik erantzun berriak asmatzea».

Ildo horretan, Baionako aldi baterako aterpetik igaro diren migranteen sostenguz jardun duen plataformak babestu egingo du apirilaren 3an etorkinak atxikitzeko zentroan, Hendaian, antolaturiko elkartasun ekintza. Azkenik, apirilaren 20 eta 21erako ere jardunaldiak antolatu ditu, Bizi! mugimenduarekin eta Atherbea elkartearekin auzolanean.