INFO

Ehun mila pertsona Basque Fest jaialdiko ekitaldietan

Bilboko Udalak prentsa ohar batean nabarmendu duenez, Aste Santuan zehar bisitariak eta herritarrak erakartzeko Basque Fest jaialdiaren alde egindako apustuak babes handia jaso du. Emandako datuen arabera, ehun mila pertsonak parte hartu dute antolaturiko 235 ekitaldietan.

Dantza erakustaldia Guggenheim atarian. (Bilboko Udala)

«Bilboko Udalak Basque Fest jaialdiaren alde egindako apustua erabat babestu dute herritar eta bisitariek», nabarmendu dute komunikabideetara igorritako oharrean. Azaldu dutenaren arabera, antolaturiko doako 235 ekintzekin, guztira 100.148 pertsona erakarri dituzte.

Datu hauen arabera, «parte hartze kopuruak, %9ko igoera nabarmena suposatzen du aurreko urtearekin alderatuta». Basque Fest jaialdiak, «tankera oso desberdinetako pertsonak erakartzea lortu du, haurrak dituzten familiak, turistak, musika mota desberdinen jarraitzaileak, kasurako» azpimarratu dute. 

Gastronomía eta enologia izan dira jende gehien erakarri dituzten ekintzak. Areatzan ezarritako «Txoko Gourmet & Destinos Basque» karpa handitik 52.294 pertsona igaro dira, 2017an baino %13 gehiago.

Plaza Barria ere jaialdiko leku azpimarragarrienetako bat izan da eta bere erromeria eta kontzertuekin 7.250 pertsona inguru biltzea lortu baitu, aurreko urtearekin alderatuta %54 gehiago suposatzen duelarik. Jende gehien eta emozio gehien eragin zuen momentuetako bat, Kepa Junkeraren emanaldia izan zen.

Bestalde, Bilborock udal aretoan 670 pertsona elkartu ziren Eñaut Elorrieta zuzenean ikusteko. Honek eta Kherau eta Ines Osinagak lekua betetzea lortu zuten.

Ruper Ordorika, Bilboko Txistularien Udal Banda, Manez eta Kobreak, Nøgen eta Xalbadorren mintzoa Sound Systemen emanaldien eskenatoki izan zen Azkuna Zentroa eta 2.350 pertsona bildu ziren, 2017an baino %30 gehiago.

Bestalde, ‘basque FEST Rock City’ lehiaketaren testuinguruan Kafe Antzokiak proposatutako musika kartelerak, bederatzi euskal talde eta Kataluniako banda gonbidatu batez osatutakoak, 2.100 pertsona inguru bildu ditu.

Artxandan berriz, 400 pertsona inguruk parte hartu zuten erromerian eta herri kirolekin eta euskal kirol tradizionalekin erlazionatutako tailerrek, 12.288 pertsona elkartu dituzte Areatzan. Itsasadarrean antolaturiko ekimenak ere arrakastatsuak izan direla azpimarratu dute.

Turismo bulegoak

Plaza Biribileko eta Guggenheim Bilbao Museoko Turismo bulegoetatik 8.598 pertsona igaro direla ostegun eta astelehen artean azaldu dute. Artatutako pertsona multzotik, 1.043 euskaldunak ziren, 5.603 espainiar estatukoak eta gainontzeko 1.952ak beste estatu batzuetako turistak.