INFO

490.000 euro, Otxarkoagan irisgarritasuna hobetzeko

Bilboko Udalak 490.000 euroko kostua izan duten lanak egin ditu Otxarkoagako auzoan irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Azaldu dutenez, Pau Casals kaleko 2 eta 10 zenbakien artetik Ugarte kaleko plazaren 17ra joateko arrapalak eraiki dituzte.

Otxarkoagako auzoan irisgarristasuna hobetzeko egindako lanal. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak Otxarkoaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko asmoz egindako lanak ezagutzera eman ditu ohar batean. 490.000 euroko inbertsioa egin dutela nabarmendu dute Udaletik. Emandako informazioaren arabera, espaloiak berritu eta Pau Casals kaleko 2 eta 10 zenbakien artetik Ugarte kaleko plazaren 17ra dagoen desnibela gainditzeko arrapalak eraiki dituzte.

Auzokide Planean lehentasunezkotzat izendatutako lanak dira Otxarkoagan egindakoak. Udalak nabarmendu duenez, «inguru horretan bizi direnen bizimoduaren kalitatea hobetuko baitute, euren etxeetara samurrago eta erosoago iritsiko dira-eta».

Hori lortze aldera, ingurua berriro urbanizatu da, espazio bi horien arteko desnibela gainditzeko arrapalak eta eskailerak eginda.

Aldi berean, saneamendu sarea eta uren sarea ere eraberritu egin dira.

Bide batez, Udalak argiteria berriztu du inguru horretan. Hain zuzen ere, lur azpiko argiteria-sarea jarri du eta argi berriak jarri ditu. Guztira, 13 argi-puntu berri espazioa hobetzeko eta seguruago egiteko. Azaldu dutenez, hiru hilabetean egin da obra eta 490.00 euroko inbertsioa eginda.