INFO
Entrevue
EKAITZ GOIENETXEA
IDAZLEA

«Idazketari berari oso denbora gutxi eskaini diot, konparatuz zenbat kezka eraman ditudan soinean»

Igartza sariaren ondotik osatu du bere lehenengo nobela Ekaitz Goienetxeak (Biarritz, 1982). «Zaldi mamarroa»-k 80ko hamarkadara darama irakurlea, heroinaren haztegietara, etsipen lohiaz estalitako azpiegitura emozionaletara. Itsasertzeko kronika adiktibo gaurkotua.


Bermeoko ezkutalekuetara garamatza Ekaitz Goienetxeak goiz eguzkitsu batez. Gure oinen azpian, gure begien aurrean jarri ditu “Zaldi mamarroa” (Elkar) eleberriko inguru fisikoetako batzuk. «Herriko jende dexente egoten da hemen eguzkia hartzen. Baina nerabezaroan lehenengo zigarroak edo porroak erretzeko lekua ere bada». Portu atzeko haitz ezkutuetan hasi den bideak 1980ko hamarkadako geralekuetan du helmuga.

Elkarrizketa batzuetatik abiatuta fikzioa egin duzu. Nondik dator ideia hau?

Ideiaren sorrera garagardo artean dago, herriko aspaldiko kontuei buruz hizketan arituz. Batez ere musikari buruz hizketan. Nola lehen tabernetan musika asko zaintzen zen , biniloak nola aldatzen ziren abestiz abesti… Gauza horiek kokatzen dira 80ko hamarkadan eta gauza horiek duten testuinguru zabal horretan… beti hizketan, gutxi hitz egiten dela, badagoela mamia. Gure artean komentatzen genuen bazegoela materiala lan bat egiteko. Ez genekien oso ondo kazetaritza lan bat izan zitekeen edo beste zerbait. Baina normalean konbertsazio horiek hor geratzen dira. Garagardoak bukatzen dira eta hurrengo egunean ez dago ezer.

Halako gauzetatik abiatuta, norberak dauka radar bat stand by horretan eta gaiarekin lotuta dauden informazio berriak entzutean berriz aktibatzen da, interesa pizten da, erregistratzen zoaz… azkenean Igartzara lagin bat aurkeztu arte. Proposatzen nuen fikziora eraman zitekeela gaia. Epaimahaiak baietza eman eta orduan fikzioa izan da gai hori lantzeko bidea.

Igartza bekara aurkeztu aurretik bazenuen harremanik elkarrizketatuekin? Eginak zenituen elkarrizketak?

Serio ez. Jende batzuekin hitz egina nengoen… Beti errazago izaten zen alkoholaren bueltan hitz egitea, parrandaren batean, jendea gehiago askatzen zelako ere. Eta gaia ateratzen zenean hasten nintzen ni ere apurka-apurka hariari tiraka. Nolako musika taldeak zeuden garai hartan, Itoizen teloneroa izan zen taldeko gitarrista bat ere ezagutzen nuen…

Igartza saria eman zidatenean orduan konturatu nintzen hitz eginda neuzkala gauza asko baina prestatuta ezer. Orduan esan nion neure buruari, ‘hartuko dut grabagailua eta erregistratuko dut hobeto’.

Musika izan da zure gidetako bat?

Gida…

Erreferentzia musikal asko dago liburuan.

Ez dakit gidatu nauen, baina beti tiratzen nauen zerbait da. Ni neu naiz oso musikazalea eta musika deskubritu zalea. Oso presente dago nire egunerokoan. Ekidinezin egiten zait. Abiapuntua bada. Hasten zara musikaz hizketan eta eramaten zaitu garai batera. Eta elkarrizketetan ere oso presente zegoen. Testigantzetan agertzen zen bati gustatzen zitzaiola David Bowie, edo beste batek ekartzen zituela diskoak ez dakit nondik…

Nola sentitu zinen elkarrizketak egiten? Herri berbereko jendearekin gai zehatz batzuen inguruan hitz egitea zaila edo deserosoa izan daiteke batzuetan.

Delikatua izaten da eta momentu horietan nolabait ere konfiantzazko harreman baten barruan egiten da. Nik eskertzen dut gainera. Sentitu dut fidatu direla. Niri kontatu dizkidate gauza intimo asko, beste gauza asko ez, azaletik soilik. Kuriosoa egiten zitzaidan gauza bat zen, testuinguru in formaletan kontatzen ziren gauzak ziren anekdota barregarriagoak edo pintoreskoagoak. Baina behin geratuta eta grabagailua piztuta ia denak hasten dira esanez: Bueno, ea, nondik hasiko gara? Halako konfesionario baten aurrean egongo balira bezala. Orain kontatzen hain errazak ez diren gauzak ere kontatuko ditugu.

Ez dakit beharrizana eduki duten, ez dut neure burua ipini nahi lagundu diedalakoan-edo, baina bazeukaten kontatzeko asko eta oso gordeta, ez direlako edozein testuingurutan kontatzen direnak.

Beraiekin harremana ere apur bat da nobelari dagokionez, fikzio a non hasten den, errealitatea non dagoen. Bai autoreak, bai testigantza eman dutenek oso desberdin irakurri dute liburua beste irakurleen artetik. Baten batek esan dit pertsonaiarekin ez dagoela oso ados eta benetakoak ez lukeela hori egingo [barreak]. Eta noski ezetz! Benetakoa beste modu batekoa da, baina nik behar nuen pertsonaia bat hain zintzoa izango ez zena.

Distantzia bat fikziorako, ezta?

Bai, hori da.

Nola egin zenuen aukeraketa?

Idazketa prozesuaren hasieran jaleo handienetako bat hori izan da. Zer bai eta zer ez. Gainera, sentitzen nuen ez banuen kontatu zidaten moduan trasladatzen zerbait traizionatzen ariko banintz bezala. Baina era berean hasierako puntu horretan ez nintzen gai nobela arrankatzeko. Behin hortik askatuta, hau da, hain fidela izan ez naizenean, orduan hartu du erritmo bat idazketa prozesuak, gero eta askeago eta gero eta fikziorago eraman dudanean. Behin jarioa hartzen duzunean hasten zara nabaritzen zer dagoen sobran eta zerk balio dizun, nahiz ez dakidan oraindik, perspektiba ez daukadalako globaltasunez hartuta. Nire zalantzak ditut beti asmatu dudan edo ez.

Igartzak urtebeteko epea duenez, erabaki asko intuizioz hartu ditut, gorpuzkeraren arabera, ez era sakon batean edo bi aldiz pentsatuta.

Agian zailena hori izan da? Errealitatetik askatzea?

Niretzat zailak izan diren gauza asko egon dira. Baina bai, ze distantzia hartu izan da harririk handienetarikoa. Eta badiotsut. Buelta asko igual eman bai, baina estrategia argi bat hausnartua ez dut lortu soluzionatzea. Gehiago izan da halako batean klik txiki batzuk sentitu idazterakoan. Idatziko dut ‘herria’ eta ez ‘Bermeo’, eta horrela beste hamaikatxo adibiderekin.

Baina gero egon dira milaka zailtasun gehiago. Bai, lehenengo aldia delako hain lan handia hartzen dudana, autoestimu zalantzak, gauza asko. Idazketari berari oso denbora gutxi eskaini diot, konparatuz zenbat kezka eraman ditudan soinean.

Karramarroaren figura erabiltzen duzu. Literaturan eta zineman asko erabili izan da. Ez dakit herri arrantzale batean baduen esanahi berezirik.

Arrantzaleen artean horrenbeste ez, agian gehiago kostaldera oinez hurbiltzen garenon artean. Gehiago da mamarroa edo karramarroa gaixotasunarekin metafora edo sinbologia hori erabilita lotura bazeukalako. Nobela kostaldean kokatutako herri batean gertatu behar zen eta lotzen dira gai nagusiak dakarren gaixotasunarena eta kostaldeko irudi hori.

Karramarroak eta zaldia. Drogen gaia hor dago. Jendeak esan izan dizu nobela iluna ote den «Zaldi mamarroa». Uste dut, ordea, ikuspegi optimista bat ematen jakin duzula.

Iruditzen zait denok behar dugun zerbait dela, hondoratuko ez bagara, aurrera jarraitzeko optimista den zerbaiti heltzea. Batzuek umore handiagoz egiten diote aurre, edo ematen du umore handiagoz egiten diotela aurre, balio diete tristezia eta penak ezkutatzeko. Eta beste batzuek umore gutxiagoz, baina aurrera jarraitzeko. Liburuan dauden pertsonaiek aurrera jarraitzen dute. Eta horretarako bidean bakoitzak bere baliabideak topatzen ditu.

Liburuan lantzen den auzietako bat da droga nondik iristen ote zen, ba ote zegoen Poliziaren edo Estatuaren esku hartzea, edo itsasotik sartzen zen zerbait zen. Ez dakit zure lekukoak sartu diren gai horretan, denetatik jarri duzu liburuan.

Galdetu diet, baina galdetu arte inork ez zuen horrelakorik aipatzen. Denek daukate halako zurrumurru bat, mundu guztiak esaten zuen bazebilela zerbait, ez agian zerbait antolatua, baina bai beti harremanen bat, inebitablea inkluso. Bai, irakurri nuen “A los pies del caballo” liburua eta liburu osoa da hori demostratzera doan liburu bat. Poliziaren eta Estatuaren estrategia politiko oso bat egon zela. Eta beste libururen batean, Justo Arrietak berak onartzen du kontrakoa argudiatzen dela.

Testigantzetara etorrita, jendeak bere oroitzapenetan ez dauka gai zentral bezala. Nire ondorio pertsonala da, egon ala ez, jendeak oro har kontsumitzen zuela horretan gehiegi pentsatu gabe eta beste gauza askotan ere gehiegi pentsatu gabe. Hau da, heriotza oso hurbil ikusten hasi zirenean ere jarraitu zuten kontsumitzen.

Nik irudikatzen dut gaur egun esaten dizutenean internetarekin eta smartphonearekin ze kontrolatuta gauden, horretan guztian pentsatzen hasten garenean agobioa insufriblea da. Orduan agobio horretatik askatzeko hobe ez pentsatzea. Beraz…

Liburuan aipatzen da itsasotik dirua sartzen zela. Esan izan duzu garaian zegoen egoera ekonomikoan salbuespen bat zela arrantza munduan zebilen jendearen egoera.

Batez ere, mutil gazteen kasua zen. Itsasontzietan enbarkatzen ziren 80ko hasieran oraindik asko eta asko 16, 17, 18 urterekin eta dirua sartzen zen. Arrantza oraindik bazebilen. Udako kanpaina pasa eta gero dira herriko festak eta herriko festetan gazteek edukitzen zuten diru pila bat, esajerazio bat, gastatzeko edozertan eta neurririk gabe. Neurriz kanpoko hori Bermeok eduki ahal izan zuen beste herri batzuekin alderatuta, eta faktore handi bat hori izan zen; horrela onartzen dute elkarrizketatu ditudanek, hemen dirua sartzen zela. Beste toki batzuetan ere neurri handian eragin zuen heroinak, baina beste faktore batzuk egon ziren tarteko. Garaiari buruzko erreportajeetan ikusten denean “No future” eta industriaguneetako krisia eta horrek eramaten duela marjinalizaziora gazteria… Hemen beste era batera gertatu zen. Gazteek bazeukaten dirua eta neurri batean ondo bizi ziren. Nire aitak esaten duen gauza bat da herrira dirua sartu zela baina ez zena sartu kultura izan zela. Kultura esango nuke baietz, liburu eta diskoei dagokienez, garai hartan gauza berri asko etorri zen herrira, ez zena sartu izan zen heziketa bat edo kontzientzia bat.

Zergatik erabaki zenuen gaur egunetik kontatzea istorioa eta ez zuzenean 80ko hamarkadatik?

Pertsonaia askorekin kontatzearen arrazoi berberagatik, neuk ez nuelako sentitzen gaitasunik neuretik sortzeko liburu oso bat garai hartan kokatua. Ni oso txikia nintzen, orduan nire oroitzapenak oso umetakoak dira eta ez dakit oso errealak diren, denborarekin eta transformatu diren asko. Eta orduan horregatik hasi naiz galdetzen, nik ez dakidalako zer den heroina kontsumitzea, ez dakizkidalako gauza asko, eta galdetzen dut baita ere gaur egunetik. Hau da, kontatzen didatena gaur egunetik denez ba liburua ere nahi gabe horrela ateratzen da.

Idazketa prozesuaz. Fisikoki non idatzi duzu? Nobela zure oinetan duzu.

Ibili naiz barra atzean idazten eta ibili naiz liburutegian idazten asko. Nobela beti daramazu buruan, bai, baina erredaktatzea bera askotan barra atzean egin dut. Parrafo bat eta zerbitzatu eta horrela. Eta hemendik libratzen nintzenean, liburutegian.

Badago edertasunaren bilaketa bat zure narratiban.

Erabakiak bidean eta intuizioz hartu izan ditut. Ikuspegi aldaketak, esaldiak, erritmoa… behin pantailaren aurrean ikusten dituzunean zerbaitek esaten dizu funtzionatzen duela. Baina ez dakit oso ondo zer den lirismoa. Norberaren mugak agertzen dira hor eta agian horrela dakigu idazten eta beste era batera ez.

Estilo propioa izango da.

Agian… Horrela ondo geratzen bada, jarrai diezaiogun bide horri.