INFO

«Arbolaren egia» inauguratu dute, ahanzturaren aurkako ikurra

«Denontzat eta ez ahazteko». Horiek dira Koldobika Jauregi eskultorearen «Arbolaren egia» eskulturaren bi ezaugarri nagusiak Anaiz Funosas Bake Bideako kidearen arabera. Igande honetan inauguratu dute lana, ETAren armagabetzearen lehen urteurrenean, Baionan.

Koldobika Jauregi, azalpenak ematen bere eskulturaren inaugurazioan. (Bob EDME)

ETAren armagabetzearen lehen urteurrena betetzen da igande honetan. Eta, armagabetzearen harira, ekitaldi sorta antolatu dute Bake Bidea eta bakearen artisauek asteburu osorako. Bi foro egin dira iragan egunetan, ostiralean Baionan eta atzo, larunbatez, Biarritzen. Bada «Arbolaren egia» eskulturaren inaugurazioak eman die amaiera urteurren ekitaldiei.

Baionan inauguratu dute Koldobika Jauregiren lana, eta orain urte bete bezala hautetsiak zein gizarte zibila denak elkartu dira ekitaldian. Anaiz Funosas Bake Bideako kidearen arabera, «denontzako» obra izango da, ahanzturaren aurkako ikur bilakatu nahi dutena: «Datozen belaunaldiei oroitzapen bat uzteko eskultura hori Baionako herriko etxeari oparitu diogu».

Zizelkariak berak azaldu duenez, aizkora eta arbola euskal historian «uztartuta» daude. Azaldu du badela eskultura unibertsitate aurrean ezartzeko arrazoi bat, «belaunaldi berriek iraganaz irakasgaiak atera ditzaten eta geroan aizkora berriro altxatu ez dadin».

Harold Good irlandar elizgizonak ere hartu du hitza ekitaldian, eta adierazi du eskulturaren inaugurazioa ez dela soilik egun batez oroitzeko, «bake prozesuaren alde lan egiten duten pertsona eta gatazkaz sufritzen jarraitzen duten horietaz» oroitzeko baizik.

Jean-René Etchegaray Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariaren arabera, bakea ez da ekintza «pasibo» bat: «Horregatik nahi izan dut ekitaldi hau Baionan egin».

Mixel Berhokoirigoin bake artisauak Luhuson hasi eta iragan apirilaren 8an, armagabetzearen egunean, amaitu zen bidea azaldu du inaugurazio ekitaldian. Bertan, biktimak entzuteko deia egin du, eta euskal presoen afera konpontzea ezinbestekotzat jo du bazterketarik gabeko etorkizuna eraikitzeko. Obra memoriarentzat «pizgarri» dela uste du Berhokoirigoinek.

Korten altzairua eta altzairu forjatua erabili dituzte eskultura egiteko, zeina lau metro zabal eta zortzi luze den. 2,6 tonako pisua du gutxi-beheragora obrak, eta burdinazko ardatzaren gainean izan da muntatua, lurperatutako hormigoizko kofratuari ainguratuta.