INFO

Bilbon bizikletarekin ibili ahal izateko neurriak hartzea eskatu diote Mugikortasun Sailari

Biziz Bizi, Bilboko Hiri Txirrindularien Elkarteak, bideo bat zabaldu du non Bilbon bizikletarekin mugitzeko dauden arazoak salatzen dituen umore puntu batekin. Aldi berean, Mugikortasun Saileko arduraduna den Alfonso Gil PSEko zinegotziari zuzendutako gutun bat bidali dute emandako hitza bete eta neurriak har ditzan eskatuz.


Alfonso Gil Bilbko Mugikortasun Saileko arduraduna den PSEko zinegotziari zuzendutako gutun bat ezagutzera eman du Biziz Bizi Bilboko Hiri Txirrindularien elkarteak. Joan den urtarrilean, ‘Biziminuto’ izeneko VI Film Laburren lehiaketan aurkezturiko ‘Bizikle ta Bilbo’ film laburra irabazlea izan zela gogoratu diote eta jadanik 15.000 aldiz ikusi izan dela sare sozialetan nabarmentzen dute.

Salatzen dutenez, bi urte eta erdiko legealdiaren ostean, «gure hiriak mugikortasun jasangarriaren arloan aurrera egin ezinik jarraitzen duela erakusten du filmak. Alde batetik, Bilbok ez du bizikletaz modu seguruan ibiltzeko azpiegiturarik eta, beste aldetik, oraindik orain, Udalak onartutako trafikoaren baretzea indarrean jartzeke dago».

Biziz Bizi elkartetik gogoratzen dute Alfonso Gilek «hitza eman» ziela «bizikletaren erabilerari dagokionez, Bilbok erabateko aldaketa izango zuela, Copenhage bezalako europar hirien maila lortu arte».

Ildo horretan, gaineratzen dutenez «ez gara hiri-mugikortasun jasangarriaz bakarrik ari, hiritarren osasunaz ere ari gara. Arartekoak Bilbo sartu zuen giza osasunari eragiten dioten lege mugak gainditzen dituzten Estatuko 14 hirien artean. Ez dugu ahaztu behar gure hirian egunero 313.000 ibilgailu sartzen direla».

Hiri txirrindularien elkartetik salatzen dutenez, «zain gaude» Mugikortasun Sailak beharrezkoak diren neurriak har ditzan «Bilbok aurrera egin dezan eta guztiok nahi dugun hiria izan dadin».