Jakiundek 10 urte bete ditu logo berria aurkeztuz eta hiru akademiko berri izendatuz
Chillida familiak utzitako Eduardo Chillidaren obra bat erabili dute Jakiunderen logo berria egiteko. Aurrerantzean akademiaren irudi izango dena atzo aurkeztu zuten. Bestalde, Humberto Bustice, Ander Gurrutxaga eta Helena Matute ikerlariak Jakitun izendatu dituzte gaur goizean Hernaniko Ideo Oronan egindako ekitaldian.
Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren akademiak, Jakiundek, 10 urte bete ditu eta urteurrenaren baitan hainbat ekitaldi ari dira egiten. Tartean, atzo Chillida Lekun aurrerantzean haren logoa izango dena aurkeztu zuten. Chillida familiak emandako artistaren artelan batean oinarritutako irudia da honakoa.
Bestalde, atzo akademikoen batzarra egin zuten Hernaniko Ideo Orona parkean, eta bilkura aprobetxatuz, aurretik hiru Jakitun berri izendatu zituzten. Bakoitzari diploma bat eta domin bat eman zizkioten. Lehena Humberto Bustince izan zen, Fisikako lizentziaduna, Matematikako doktorea eta Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren katedraduna. Era berean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Adimen Artifizialeko eta Arrazonamendu Hurbileko ikertaldeko sortzailea eta arduraduna da.
Bigarren hautatua Ander Gurrutxaga izan da, Politika Zientzietako eta Soziologiako lizentziaduna, eta Soziologiako doktorea eta katedraduna. Egun, ikertzaile nagusia da Innolab-en Aldaketa, Konplexutasuna eta Berrikuntza bikaintasun taldean.
Azkenik, Helena Matute izendatu dute Jakitun. Bera Psikologiako doktorea eta Psikologia Esperimentaleko katedraduna da. Deustuko Unibertsitatean eskolak ematen ditu eta Psikologia Esperimentaleko Laborategiaren ikertaldea zuzentzen du.
Ekitaldiaren hasieran akademiako lehendakaria den Jesus Mari Ugaldek atzo zendu zen Imanol Olaizola kultur sustatzailea gogoan izan du eta Jakiunderako egindako lana goraipatu du.