INFO

Ekitaldi handietan nortasun ikurrak eta langileen eskubideak bermatzea eskatu du EH Bilduk

2018an Bizkaian ospatuko diren ekitaldi handiek «turistak erakartzea» dela helburua esaten dutela instituzioetatik kritikatu du EH Bilduk eta nortasun ikurrak, euskara, gardentasuna eta langileen eskubideak bermatzea exijitu die erakunde publikoei.

Aitziber Ibaibarriaga eta Iker Casanova, EH Bilduren ordezkariak Bilboko Udalean eta Gasteizko parlamentuan, hurrenez hurren.

Aitziber Ibaibarriagak, EH Bilduren Bilboko bozeramaileak, eta Gasteizen legebiltzarkidea den Iker Casanovak agerraldia egin dute 2018an Bizkaian egin behar diren ekitaldi handien inguruan koalizioaren ikuspuntua ezagutarazteko.

«2018an ospatuko diren ekitaldi guzti hauek, kasualitatez hauteskunde aurreko urtean egingo direnak, Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan turistak erakartzea dute helburu baita Bilbo-Bizkaia sustatzea ere. EH Bildutik uste dugu hauek ezin direla izan gure erakundeek bilatzen dituzten helburu bakarrak, zentzu honetan ekitaldi hauek turismora begirako ekimen hutsak izatera bultzatzen dituzte, herrialde eta gizarte moduan eskaini ditzaketen aukerak erabat ahaztuz», azaltzen dute komunikabideetara igorritako oharrean.

EH Bilduren iritziz, ekitaldi hauek biztanleria osoarentzat «onuragarriak» izan daitezen «oinarrizko hiru zutabe» izan behar dituzte: «gure herrialdearen marka sustatzea, sortuko den enplegua lan baldintza duinetan eman dadila eta sorraraziko duten inbertsio publikoaren inguruko gardentasuna bermatzea».

EH Bilduren ordezkariek azaldu dutenez, «nazioarteko ekitaldien antolakuntzak beste herrialdeen ateak ireki ditzakete, beste kulturek ezagutu gaitzaten. Baina horretarako gure nortasun ikurrak zaindu behar ditugu, herrialde honetan daukagun onena azaldu, hala nola gure kultura edo gure hizkuntza».

«Guztion eskubideak babestu behar ditugu guztion onura bilatuz, ez bakarrik gutxi batzuena», gaineratu dute.

«Gure hiri eta herrien ateak irekitzen baditugu, gure herrialdearenak hain zuzen ere, zeozer positiboa izango da baina herritar guztientzat ere hala izan behar da. Lanean jarraituko dugu harrotasunez Ongi Etorri Euskal Herrira, Welcome to the Basque Country esan ahal izateko», nabarmendu dute Ibaibarriagak eta Casanovak agerraldian.