Nafarroako Gobernuak biktimak eta «autokritika sakona» bota ditu faltan ETAren azken adierazpenean
Nfarroako Gobernuak biktimak bota ditu faltan ETAk bere ibilbidea bukatutzat emateko kaleratu duen azken adierazpenean. Horrekin batera, erakundeak «benetako autokritika sakona egiteko aukera galdu» duela uste du. Uxue Barkos eta Iñigo Urkullu lehendakariek bihar adierazpen bateratua irakurriko dute Bertizen.
Nafarroako Gobernuak oharra kaleratu du ETAren azken adierazpenaren harira. Bertan dioenez, erakundearen agiriak «banda terroristaren desegitea adierazten du, desegite aldebakarrekoa eta behin betikoa, hain zuzen ere, gure gizarteak aspalditik eskatu eta exijitzen zuena».
ETAren biktimak bota ditu faltan azken adierazpen horretan. Gobernuaren iritziz, ETAk «aukera bat galde du» bere jarduera ixteko «onartuz argi eta garbi hark eragindako oinazearen injustizia. ETAk aukera bat galdu du hamarkada hauetan izan duen jarduerari buruzko begirada kritikoa proiektatzeko, eta horrekin batera, erantzun bat emateko biktima guztiei, inongo bereizketarik gabe, izan ere, den-denak bidegabeko indarkeriaren biktimak baitira».
Horrekin batera, «benetako autokritika sakona egiteko» aukera ere galdu duela nabarmendu du bere oharrean. «ETAren bukaerako komunikatuak haren existentzia eta haren jarduera justifikatu nahian jarraitzen du, baina ETAk ez zuen sekula existitu behar, eta inork sekula ez zuen sinetsi behar ideia edo proiektu bat defenditzen ahal zenik indarkeriaren bitartez».
Nafarroako Gobernuaren aburuz, «ETAren indarkeria terrorista bidegabea eta ezin justifikatuzkoa da, eta haren ondorioei erantzuteak lan serio eta sakona eskatuko du, Gobernua egoera berri honetan egiteko prest dagoena, betiere biktimen eskubidearekiko konpromisotik abiatuta».