INFO

Arartekoa Bidean zentroa ikuskatzera joanen da, talde feministen salaketen ostean

Manuel Lezertua Arartekoak «lehenbailehen» ikuskatuko du Gipuzkoako Bidean zentroa, harrera-zentro horretan egon diren emakume batzuen kexen eta Mugimendu Feministaren salaketa publikoaren berri izan ostean. Ondotik, ikerketa bat abiatuko du.

Donostiako feministek atzo gipuzkoar hiriburuan egin zuten agerraldia. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bidean harrera-zentroan «arduragabekeriaz» jokatu dela salatu zuen atzo Donostiako Mugimendu Feministak, eta salaketak egin dituzte zenbait elkartek eta genero-indarkeria pairatu duten emakume batzuek. Azaldu dutenez, Arartekoak «lehenbailehen» ikuskatuko du zentro hori, «argitu nahi baitu egiaz zer egoeratan eta nolako arreta ematen zaien indarkeriatik ihesi toki horretara babes bila joan diren emakumeei».

Harrera-zentro horretan egon diren emakume batzuen kexak jaso zituen atzo Arartekoak, atzo Mugimendu Feministak egin zuen salaketa publikaorekin batera.

Jasotako kexak Aldundiaren iritziarekin kontrastatu asmoz, ikerketa bat jarriko du martxan Arartekoak, zentro hori orain bertan zer egoeratan dagoen eta nolako arreta jasotzen ari diren bertan babesa aurkitu duten emakumeek argitzeko helburuarekin.

Ikerketa horren ostetik gai horretaz daukan informazioa ematea eskatuko dio Arartakoak Aldundiari, «behar bezala kontrastatzeko eta jasotako salaketak ahalik eta modurik egokienean eta eraginkorrenean konpontzeko».

Jakinarazi duetenez, Manuel Lezertua arartekoa eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua dagoeneko harremanetan jarri dira. Diputatuak arartekoari adierazi dio «erabat prest» dagoela beharrezko informazio guztia eskaintzeko eta, horrela, «ikerketa egiten laguntzeko».