INFO

Arrantzale bat hil da Kantabriako uretan, sarearekin lanean ari zela

Orioko ‘Berriz Ave Maria’ itsasontziko 55 urteko arrantzale bat hil da bart Kantabriako uretan, sarearekin lanean ari zela uretara erori ondoren. Euskal Herrian aurten lan istripuz hiltzen den 18. langilea da, eta bigarren arrantzalea, LABek emandako datuen arabera.


Lan istripua bart gauean gertatu da Kantabriako uretan, Santanderretik milia gutxitara, ‘Karkara.eus’ agerkariak berri eman duenez.

Arrantzalea Orioko ‘Berriz Ave Maria’ itsasontzikoa zen eta sarearekin lanean ari zen; antza denez, sarea lehen aldiz uretara botatzen ari zirela itsasora erori da eta ito egin da. Bere lankideek barkura igotzea lortu dute, baina ordurako hilda zegoen, aipatu hedabidearen arabera.

Hildako arrantzaleak 55 urte zituen eta jatorriz Castrokoa zen.

LABek salatu duenez, Euskal Herrian aurten dagoeneko 18 langile hil dira euren lanpostuetan, haietako bi arrantzaren sektorean. Hildakoaren familia, lagun eta lankideei babesa eta elkartasuna adierazi dizkie sindikatuak.

Prekarietatea eta lan baldintza gogorrak

Arrantzaren sektorean ematen diren baldintza gogorrak eta bertan ematen den prekarietatea nabarmendu ditu LABek ohar batean; «lan ordu luzeak eta ia atsedenik gabeko lanaldiak dira istripu hauen iturburuak», salatu du. 

Prekarietatearen oinarrizko arrazoiei aurre egitea, arrantza behar bezala arautzea eta bizi eta lan baldintzak hobetzea exijitu du sindikatu abertzaleak.