INFO

Hilaren 27an Santurtzin egingo den Ibilaldiak egitarau anitza aurkeztu du

Musika protagonista izanen da maiatzaren 27an, Santurtzin Bihotz Gaztea ikastolak antolatuko duen Ibilaldia jaian. Governors, Skakeitan edo Itziarren Semeak taula gainera igoko dira, adin guztientzako egitaraua izanen duen jai egun batean. Ingurumena zaintzeko konpromisoa eta ardura hartu du 2018ko Ibilaldiak.

Santurtzin hilaren 27an egingo duten Ibilaldiaren egitaraua aurkeztu dute. (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

‘Taup!’ lelopean egingo da aurtengo Ibilaldia jaia, maiatzaren 27an, Santurtzin Bihotz Gaztea ikastolak antolatuko du eta gaurkoan egitaraua aurkeztu du. Santurtziko herriaz gozatzeko aukera eman nahi du euskararen aldeko jaialdiak eta, hori lortzeko asmo, kaia herrian kokatu du bere osotasunean. Ia 5 kilometroko ibilbidea itsasotik Serantes mendiaren magaleraino iritsiko da.

Ibilbide hau lau gunetan bereiziko da. Lehenak ‘Taup!’ izena hartuko du eta ikastola ondoan dagoen Mirabueno Parkean kokatuko dute. Bigarrena, ‘Busti’ Nautika eskolatik hurbil egonena da. Hirugarrena, aldiz, Portuan izanen da ‘Gozatu’ izenarekin eta laugarrena, berriz, Mamariga auzoan, ‘Sortu’ izenpean.

Egitaraua elkarlanean osatu dute Santurtziko kultur, gizarte eta kirol eragileekin. Horrez gain, Euskal Herri osotik etorritako artistek ere lekua izango dute bertan. Jai eredu ezberdinak eskaintzen dituen egitaraua eraiki nahi izan dute hiru zutabe funtsezkoren gainean: «herritarra, euskalduna eta parte-hartzailea».

‘Taup!’ gunean haurrak izanen dira protagonista eta bertan Txirri, Mirri eta Txiribiton, 3txulotarrak, edo apar festa bat aurkitu ahal izango dute txikiek. ‘Busti’ zonaldean Governors edo Trikizio bezalako taldeez gozatzeko parada izanen dute gazteek, eta ‘Gozatu’ gunean Skakeitan edo Ze Esatek! izango dira, besteak beste, protagonista. ‘Sortu’ gunean ere musikarik ez da faltako, Itziarren Semeak taldearen eskutik.

Ingurumena zaintzeko konpromisoa eta ardura hartu du 2018ko Ibilaldiak, eta gauza bera eskatu die ikastolen aldeko jaira datozenei.

Bizkaiko ikastolen aldeko jaialdia helburu desberdinekin antolatuko dute. Ikastolaren bitartez «euskara ponpatzen duen bihotza» izan nahi dute eta, gainera, hau antolatzeak «barruko kohesioa handitu eta Santurtziko eragileekin elkarlana sendotzen» lagunduko duela nabarmendu dute. Baina ez dute ahaztu honen helburu nagusietako bat dirua biltzea dela, «aurreikusten dugun proiektua elikatuko duen azpiegitura aurrerakoia eratzeko».