INFO

Bi finalistak oso gustura agertu dira aurkeztutako pilotekin

Aimar Olaizolak eta Jokin Altunak elkarri pasa diote faborito papera, baina gaiari garrantzi handirik eman gabe, igandeko finalari begira egin duten material aukeraketan.

Altuna III.a eta Olaizola II.a, pozik, aukeratutako pilotekin (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Polemikaren arrastorik ez Bizkaia pilotalekuan iganderako material aukeraketan. Are gutxiago, bi pilotariek intendente eta hautatzaileak egindako lana zoriondu dute. Jokin Altuna izan da aurkariaren pilotetako bat «besteak baino biziagoa» dela esan duen bakarra, baina ez omen du «bote askorik hartzen» eta jokatzeko inolako aitzakiarik ez dela izango berretsi du. Olaizola II.ak 106,5 eta 104,4 gramotako bi pilota aukeratu ditu eta Altuna III.ak, aldiz, 106,5 eta 106,1ekoak.

Halakoetan ohikoa izaten da faboritoa nor den galdetzea eta ia beti gertatzen den bezala, gaiari garrantzi handirik ez diote eman, baina badaezpada, aurkariaren bizkarrean jarri dute motxila hori. Horretarako, goizuetarrak Aspekoak kanpoan utzi dituen arerioen maila nabarmendu nahi izan du eta amezketarrak ba omen zekien aurkariak halako zerbait esango zuena. «Hemendik 20 urtera 22 urteko mukizu baten aurka finala jokatu behar izango banu, lasai asko esango nuke faboritoa ni naizela, halako finaletan esperientziak asko esan nahi baitu». Apustuak, momentuz, urdin irtengo omen dira, alde gutxirekin bada ere.

Partidaren nondik norakoen inguruan galdetuta ere, biak bat etorri dira eta aurkariak akatsik txikienak ere asko zigortzen dituenez, halakorik ez egitean jarri dute arreta. Finalerako osagai guztiak prest daude dagoeneko eta partida handia espero dute pilotazaleek.