INFO

Askatasunaren iturriak, etorkizunaren zubiak


Nafarroako hiriburutik abiatu eta Urepelen amaitu zen, iragan ostegunean, Askatasunaren Botilak izeneko ekimena. Iragan ilunari etorkizun izpia ezarriz, 400 ikasle igaro ziren duela 80 urte Ezkabako ihesaldian parte hartu zuten gatibuek zapaldu zituzten mendi eta bidexketatik. Gaztetasuna kareore gisa baliatuz, mendekuaren hoztasuna baino bihotzak berotzea bilatzen duen memoria eraiki zuten, Xalbadorren herria helmuga zuen ibilbidea osatuz. Historiaren botila betetze aldera, gogora dezagun han-hemengo borreroen atzaparretatik ihesi zebiltzanei lagunduz Bidasoan garai ezberdinetako mugalariek askatasunaren bideak urratu zituztela. Modu batean edo bestean iturri beretik edaten baitute askatasun egarri diren guztiek. Berdin, Sorogainen ihesbidea xerkatu eta gehienetan frankistek ehizatu zituzten presoek. Berdin, Comete sareari zerbitzu emateagatik finean nazismoaren kontzentrazio-eremuetan hil ziren mugalariek ere. Nafar ikasleek, botilari tragoxka emanez, memoria guztiak aintzat hartuko dituen geroaren bide-lerroa marraztu dute. Urruñako Bidegain Berri baserrian iheslariak hartu zituen Frantxia Usandizaga ahanzturatik salbatuz, bide batez.

Atzo, Bidasoa atzean utzi, eta Urola aldera joan nintzen, giza-katean parte hartzera. Gogoan nituen urrutiko katebegi horiek, to! Hantxe uztartu ziren. Etorkizunaren zubia zeharkatzeko, ahal den eta gehienak hobe!