Euskarabentura, euskararen erabilera ardatz eta 483 km, 110 gazte eta Euskal Herria aurretik
Uztailaren 1an ekingo diote Mauletik eta 31n iritsiko dira Getxora Euskal Herria zeharkatu ostean. Euskarabentura du izena ekimenak, 16-17 urteko 110 gazte dira protagonista eta euskararen erabilera indartzea abiapuntuko ideia nagusi gisa. Jarraipen berezia egingo dio NAIZek.
Barriako aterpetxean izan dira asteburuan Euskarabentura ekimenaren antolatzaileak azken prestaketa lanak bukatzen. Abenduan aurkeztu zuten ekimena euskararen erabilera sustatu asmoz eta euskal lurraldearen ezagutza eta gazte euskaldunen sare bat sortzeko intentzioarekin.
16 eta 17 urte arteko gazteei zuzendu zieten orduan gonbidapena eta hiru gairen inguruan (euskara eta zure herria, eta emakumea, eta itsasoa) norberak lan bat bidali behar zuen. Horiek jaso eta neurtu ostean 110 gazteko taldea osatu du izen bereko ekimena antolatzen duen Euskarabentura elkarteak. 72 neska eta 38 mutil, bizkaitarrak dira gehienak (48), 23 nafar, 20 gipuzkoar eta 14 arabar. Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko beste gazte bana ere bada taldean eta euskal diasporatik beste bik parte hartuko dute, Washingtondik heldu da bat, Patagoniatik bestea.
Bidean Euskal Herriaren ondare materiala eta inmaterialak eskainiko dio mamia ekimenari. Lehenari dagokionez Ekainberri eta Santimamiñeko kobatzuloak, Bizkaia zubia, Donemiliaga Kululako Suso eta Yusoko monastegiak eta ibilbidide guztian ardatz izango duten Done Jakue bidea bera. Inmaterialari loturik, hainbat mintegi eta tailer antolatu dituzte. Ander Lipusekin ahots-adierazpen lantegia izango da, hitza-literatur sorkuntzaz jardungo dute Miren Amurizak eta Odei Barrosok, eszenografiaz Ximun Fusch, inprobisazioaz Kattalin eta Piter Ansorena eta gorputz-adierazpenaz Myriam Perez.
Euskal Herriko errealitate soziolinguistiko desberdinak aurkezteko hainbat hitzaldi antolatu dituzte tokian toki. Xan Airek emango duena Nafarroa Beherean, Koldo Colomorena Nafarroan, Beñat Garaio eta Ane Pedruzoren esku izango da Arabakoa, Kike Amonarrizek gidatuko du Gipuzkoakoa, Jone Goirigoizarrik eta Txerra Rodriguezek Biakaiakoa eta Eneko Gorrik Lapurdikoa. Horiez gain, antolatzaileek beste izen ezagun batzuen parte hartzearen berri ere eman dute: Asisko Urmeneta, Patri Espinar, Aroa Arrizubieta, Manu Bendala, Auritzeko bertso eskolako lagunak, Mattin Zeberio...
Euskal Herriaren zeharkaldia
Mauletik abiatuta uztailaren 3an Donibane Garazin izango dira eta San Fermin egunez iritsiko dira Iruñeara Auritz eta Orreagatik pasa ostean. Hurrengo astean Gares, Lizarra, Los Arcos, Viana, Añana-Gesaltza eta Argantzun pasata Gasteizera iritsiko dira 14rako eta lautadatik Goierri zeharkatu eta Tolosara iritsiko dira 18an. Hernani gero, Irun eta kostatik Baionaraino. Donostiara gero eta Itziar, Markina-Xemein eta Gernika igarota 30ean irisiko dira Bilbora, hileko azken egunean Getxon abenturari amaiera emateko.
Ekimenaren berri euskarabentura.eus webgunean eta antolakuntzaren sare sozialetako profiletan jarraitu ahalko da eta NAIZek jarraipen berezia egingo dio egunez egun.