INFO

Satorralaiak bandera beltza eman dio Eneko Goiari metroaren pasanteagatik

Satorralaia mugimenduak elkarretaratzea egin du Donostiako udaletxearen aurrean eta bandera beltza entregatu nahi izan dio Eneko Goia alkateri, Ekologistak Martxan erakundeak plazaratu berri duen ‘Banderas Negras 2018’ txostenak Donostiako Metroaren egitasmoari «Bandera Beltza» eman diola gogoraraziz.

Satorralaia mugimenduak elkarretaratzea egin du Donostiako udaletxearen aurrean. (Maialen ANDRES / FOKU)

Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, hamarnaka bizilagunek elkarretaratzea egin dute Donostiako udaletxearen parean ‘Eneko Goia: herritarrei eantzun! Metroa gelditu!’ lemapean. Horren ostean, plataformako bi kide egoitzara sartu dira, gipuzkoar hiriburuko alkateari bandera beltz bat entregatu asmoz. Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, Martin Ibabe zinegotziak hartu du bandera. Ekologistak Martxan erakundeak plazaratu berri duen ‘Banderas Negras 2018’ txostenak Donostiako Metroaren egitasmoari «Bandera Beltza» eman diola gogorarazi nahi izan diote modu honetan.

Goia alkateak Metro-pasantearen egitasmoaren inguruan argibideak emateko egin zaizkon eskaeraren aurrean «axolagabetasuna eta gutxieneko arreta-eza» agertu dituela salatu dute. Besteak beste, maiatzaren 30ean udaletxean aurkeztu zuten idatziari erantzunik eman ez diola azpimarratu dute «herritarrei hilabeteko epean erantzuteko legeak agintzen dion betebeharra ez betez».

Bestalde, Metroaren pasanteari bandera beltza eman dion Ekologitsak Martxan erakundearen txostenaren kopia bat ere helarazi diote, non «pasantea espainiar kostaldeari eragiten dioten astakeria handienenen eta ingurumen kudeaketa txarraren kasu gatazkatsuenen artean» jaso duten.

Bi informe horietan jorratzen diren arazoek «udalarentzat duten larritasuna kontuan hartuta», Satorralaiak alkateari «erantzunak» eskatu dizkio eta zinegotzi taldeei ere «informazio horiek aztertzeko eta haien jarrera publikoki adierazteko».