INFO

Periko Solabarriaren omenezko muralari berriro eraso egin diotela salatu dute

Barakaldon dagoen Errontegiko zubiaren zutabe batean Periko Solabarria omentzen duen muralari berriro eraso egin diote ezezagun batzuek, gainean «Viva España» idatziz. 

Solabarriaren omenezko muralaren aurkako erasoa. (NAIZ)

Periko Solabarria gogoratzeko elkarteak ohar batean salatu du ezezazun batzuek «gauez eta uztailaren 18a baliatuz, altxamendu faxistaren urteurrenean», 2015ko ekainean zendu zen ezker abertzaleko militante historikoaren omenez Errontegiko zubian dagoen muralaren aurka sabotajea egin zutela.

Erasoa Barakaldo Karmenak ospatzen ari zela gertatu zenez, haren erantzuleei zuzendu zaie elkartea eta gogoratu die, beste aitortza batzuen artean, udalbatzaren erabakiz Solabarria pregoilari izan zela eta bere omenezko plaza bat daukala Trianon (Abanto). «Guzti honek adierazten digu zer nolako maitasuna eta errespetua dugun bere figurarekiko. Erasotzaile hauek, inpunitatean ezkutatuz, guzti hau ez dute onartzen», salatu dute. 

Margoketaren «Viva España» mezuaren inguruan elkarteak azpimarratu du Periko Solabarriak laguntza eske joan zitzaizkion herritar eta langile guztiei lagundu ziela: «Extremadurakoak, Andaluziakoak, Gaztelakoak, Galizakoak... Erasotzaileei bost axola Perikok munduko herritar zein langileei emandako laguntza eta elkartasuna». 

«Ekintza honek ez du Perikoren itzala baldintzatuko, kontrakoa baizik», nabarmendu dute. 

Aurrez ere eraso egin izan diote muralari. Joan den ekainaren 23an berrinauguratu Lutxanako herri mugimenduak egin zuen margoketa, «Si no nos dejan soñar, no les dejaremos dormir» leloarekin.