INFO

«Zuzendu» egin nahi du Elkarrekin Podemosek estatus politiko berriaren gaineko eztabaida

Estatus politiko berriaren inguruko akordio batera iristea proposatu die Elkarrekin Podemosek EAJ, EH Bildu eta PSEri, uste baitute gaiaren harira gaur arte eman den eztabaida «zuzendu» beharra dagoela. Erabakitzeko eskubideak zalantzak sortzen dizkie, hau estatutu berrian jasotzea konplikatua izango dela uste baitute.

Lander Martinez (Elkarrekin Podemos) eta Maddalen Iriarte (EH Bildu), Gasteizko Legebiltzarrean. (Juanan RUIZ/FOKU)

Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak adierazpenak egin dizkio Europa Press albiste agentziari EAEren estatus politiko berriaren inguruan. Hitzok proposamen bat egiteko baliatu ditu: EAJ, EH Bildu eta PSEri lauko akordio batera heltzea proposatu die.

Haren ustetan, estatus politiko berriaren inguruko eztabaida «zuzendu» beharra dago, eta horretarako abuztu amaieran bilera erronda bat egitea proposatu die beste alderdiei. Hernandezen arabera, «ordezkaritza handiagoa» lukeen akordioa litzateke hala egikarituko balitz.

Uste du Hernandezek, «ziaboga» moduko bat ari da ematen jeltzaleen baitan, eta hauek EH Bildurekin sinatu zuten akordioa moldatzeko prestutasuna erakutsi dutelakoan dago, nahiz eta gaineratu duen ez dakiela biraketa hau zenbaterainokoa izango den.

«EAJk egin zezakeen biraketa hau lehenago, EH Bildurekin identitarioan maximalista den akordioa itxi aurretik», adierazi du. Era berean, PSE ere kritikatu du «hitz egiteko eta negoziatzeko» gai ez izateagatik.

Irailean hasi behar du idazten aditu talde batek EAEren estatus berria litzatekeenaren lehen lerroak, eta lerrook bere baitan eramango duten erabakitzeko eskubideak zalantzak sorrarazi dizkio Hernandezi. Uste du erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea «zilegi» dela, «baina zailtasunak eragingo ditu estatus berrian irudikatzeko momentuan».

Ukatu egin du bere garaian Elkarrekin Podemosek bertigo arazoak izan zituenik, hasiera batean EAJ eta EH Bildurekin bat egin eta gero atzera egin zuenean. «Gure helburua herritarren bizimodua hobetuko duen Estatutua izatea da; horrek akordio zabalagoak eskatzen ditu».