INFO

Algecirasko erasoaren ondoren hurbilketak ezin duela «minutu bat gehiago itxaron» dio Etxeratek

Algecirasko espetxetik bueltan zetorren autobusak larunbat arratsaldean pairatu zuen erasoaren «inpunitatea» salatu du Etxeratek eta horrelako gertaeren ondoren euskal presoen hurbilketak ezin duela «minutu bat gehiago itxaron» aldarrikatu du.

Etxerateko ordezkariak, Bilboko egoitzaren aurrean. (June PRIETO/FOKU)

Algecirasko kartzelatik bueltan Puerto eta Sevillako espetxeetara senideak jasotzera zihoan autobusak larunbat arratsaldean pairatu zuen erasoaren xehetasunak eman eta irakurketa egiteko agerraldia egin du Etxeratek Bilbon.

Azaldu dutenez, arratsaldeko 19.00ak aldera objektu gogor batekin eraso egin zioten autobusari eta ezker aldeko kristal bat txikituta utzi zuen. Hamaika lagun zihoazen barruan eta «susto ikaragarria» hartzeaz gain, tentsioa eta ziurgabetasuna nozitu zituzten, nahiz eta kalte pertsonalik ez zuten izan.

Urtzi Errazkinek eta Patricia Velezek gogora ekarri dutenez, erasoa jasan zuen autobusak astero Andaluziako hainbat espetxetara eramaten ditu presoen senide eta gertukoak –Puerto, Sevilla eta Algeciras–. Astero errepide horiek ordu berean igarotzen ditu eta horregatik «guztiz publikoa eta ezaguna da bere funtzioa». Senideak garraiatzen dituzten ibilgailuen aurkako erasoak ere ez dira berriak, nabarmendu dutenez.

Horregatik, urrunketa eta dispertsioaren ondorio fisiko, psikiko eta ekonomikoez gain, «babesgabetasun osoa» pairatzen dute senide eta gertukoek, Etxerateko ordezkariek salatu dutenez.

Eraso hauen «inpunitatea guztiz onartezina» dela adierazi dute. «Are gutxiago eraso hau gertatu ondoren euskal preso politikoen aurkako salbuespeneko politika mantentzea, senide eta lagunengan urrunketa eta dispertsioak eragiten dituen ondorioak bere horretan mantentzea».

Errazkinek eta Velezek nabarmendu dutenez, «ezin dugu minutu bat gehiago itxaron». Euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbildu eta gaixo dauden presoen askatasuna lehenbailehen gauzatzeko eskatu diote espainiar Gobernuari, eta gaur egun gai horren inguruan dagoen adostasun «sendoa» aipatu ondoren, salbuespeneko politikarekin bukatu eta presoen eskubideen urraketarekin «behingoz amaitzeko» lanean jarraitzeko dei egin diete herritarrei.