INFO

Bannon, Europan lur hartzeko prest

Kontinente zaharrean hartuko du lur datozen hilabeteetan Steve Bannon Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen estrategia buru ohiak. Bruselan zehazki, bertan ezarriko baitu bere kanpamentu basea. Bruselatik, kontinentean zeharreko eskuineko mugimendu populisten aliantza eratzen ahaleginduko da.


Denbora darama Steve Bannonek Ameriketako Estatu Batuen eta Europaren arteko joan-etorrian. Azken urtean, esaterako, hainbat bilkura egin ditu kontinente zaharreko eskuin muturreko mugimenduekin; izan da UKIP britainiarreko buru ohi Nigel Faragekin, batzartu da Fronte Nazionaleko Marine Le Penekin, eta solas egin izan du Viktor Orban hungariarrarekin. Era berean, zapaldu ditu Erroma eta Praga ere. Guztia helburu batekin: eskuineko mugimendu populisten aliantza sustatzea.

20019ko hauteskunde europarrak ditu jo puntuan behinola Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen estrategia buru izan zenak. Hauteskundeotan, Europako Parlamentuko eserlekuen heren baten jabetza bere sokako mugimenduena izatea nahi du Bannonek, modu horretan, politika europarra baldintzatzeko indar-korrelazioa bere alde lukeela uste baitu estratega estatubatuarrak. Zifra horietara heltzeko, baina, egun sakabanatuta eta estrategia komunik gabe dauden kontinentean zeharreko populista eskuindarren aliantza sustatu behar du. Eta horretan dihardu.

NATOren bilkuraren harira Trump kontinente zaharrean zebilela aprobetxatuta, Londresko hotel batean ezarri zuen bere kanpamentu basea Bannonek. Bertatik igaro ziren, besteak beste, Jerôme Riviere Fronte Nazionaleko ordezkaria, Belgikako Alderdi Popularreko Mischaël Modrikamen, UKIPeko buruzagi ohi Nigel Farage, Vlaams Belang alderdi flandriarreko Filip Dewinter eta Suediako Demokraten kide Kent Ekeroth. «Oparoak izan ziren bilkura guztiak. Guztiek uste dute datorren maiatzeko hauteskundeak [europarrak] oso garrantzitsuak direla; populismoak lehen aldiz irabaz diezaioke Davoseko taldeari. Europarentzat mugarri garrantzitsua izango dira bozak», adierazi du Bannon berak ‘The Daily Beast” agerkari digitalari eskainitako elkarrizketan.

Eskuineko populisten akuilu

Urrats zehatzen inguruan hitz egin zuen Bannonek aipatu elkarrizketan. Europara datorrela iragarri zuen, kontinentean zeharreko alderdi eskuindar populistei jaten emango dien fundazio bat sortzera. Iraultza eskuindarra sustatu nahi du Bannonek, eta Bruselan ezarriko da horretarako. Bertan, George Soros magnate eta filantropoari aurre egin asmo dio, honek mugimendu liberalen baitan duen inpaktua parekatu nahian. Zail izango du, baina; hedabideetan argitaratu diren hainbat daturen arabera, 32 bilioi dolar eman ditu Sorosen Open Society fundazioak kausa liberalen alde 1984an martxan jarri zenetik.

Bannonen saiakeraren emaitzak aurreikusi ez badaitezke ere, diru gutxiagorekin gauza handiak egin daitezkeela ongi daki estratega estatubatuarrak. Esaterako, argigarria da Brexitaren aldeko kanpainako ordezkari batekin izan zuen elkarrizketa: «Esan zidatenean 9 milioi dolarreko aurrekontua izan zutela gora etorri nintzen. ‘9 milioi esan nahi duzu? Ikaragarria! 9 milioi dolarrekin ezin da ezer erosi: 9 milioi dolarrekin ezin dizkiozu Facebooki datuak erosi, ezin dira iragarkiak erosi, ezin da ezer egin! Esan nahi didazu 9 milioi dolarrekin mundu mailako bosgarren ekonomia Europar Batasunetik atera duzuela?’», azaldu zuen aurrez aipatu ‘The Daily Beast” agerkariko elkarrizketan.

Jakina dena da fundazioak The Movement (“Mugimendua”) izena hartuko duela, Bruselan kokatua egongo dela eta hasiera batean hamar langile izango dituela –tartean hauteskunde lehian aditua den bat, komunikazioaz arduratuko den bat, bulego arduradun bat eta ikertzaile bat–. Hala ere, eta betiere Bannonen arabera, langile kopurua 25 ingurura igotzea espero dute 2019ko maiatzean ospatuko diren hauteskunde europarrak gerturatu ahala.

Bannonek berak azaroan hartuko du lur Europan, behin Ameriketako Estatu Batuetako legegintzaldi erdiko hauteskunde aroa igaro ostean. Aurreratu duenez, denboraren erdia igaroko du kontinente zaharrean, baina Bruselako bulegoan baino kontinenteko herrialde ezberdinak bisitatzen emango du denbora gehiago. Egitekoen artean, esku bat botako die fundazioak eskuineko alderdi populistei hauteskunde lehian, hautesleria erakartzeko mezuen inguruan aholkatuko ditu, datuen inguruko irakurketak egiteko laguntza eskainiko die. Horrez gain, think tank funtzioa ere izango du. Zentzu horretan, ongi zehaztutako politikak jarriko ditu fundazioak eskuineko mugimendu populisten esku, baita hauteskunde metodologian aditua den talde bat ere. Herrialde bakoitzeko hauteskunde legearen arabera, kanpainan zuzenean har lezake parte Bannonen fundazioak.

Populismo eskuindarraren hurrengo heroia Europatik atera daiteke, eta Bannonek baditu ikasle aurreratu batzuk: Farage eta Le Pen. Estatubatuarraren esanetan, bi horiek lirateke eskuineko aliantza populistaren gidaritza hartu beharko luketenak. Baina Bannonek badu begiko duen beste politikari bat ere: Matteo Salvini italiarra. Eredutzat du Bannonek Salvini, eta uste du Italia dela politika garaikidearen bihotz taupakaria: «Bertan populismoak arrakasta izan badu, edonon izan lezake».