Bakailaoa izango da protagonista Aste Nagusiko bosgarren Arrain Fish Festivalean
Bilboko Konpartsek, Makilaren Kofradiaren eta hainbat sukaldariren laguntzarekin, Aste Nagusiko Arrain Fish Festival egitasmoaren bosgarren edizioaren aurkezpena egin dute Erriberako merkatuan. Bakailaoak protagonismo berezia izango duela aurreratu dute.
Dagoeneko Aste Nagusian ezaguna den Arrain Fish Festival egitasmoak bost urte betetzen ditu aurten eta, beste urte batez, itsasoko produktuen usainez beteko du Areatzako festa eremua asteazkenetik larunbatera bitartean, eguerdi partean.
Urtemuga hori ospatzeko, berritasun gisa, konpartsakide-menua sortu dute Aste Nagusiko ostiralerako, pil-pil erara prestatutako bakailaoaren egunean. Txapelketa «ekonomikoki erraztu eta oraindino herrikoiagoa» bilakatzeko asmoz, bost lagunentzako menua prestatzeko osagaiak «prezio ekonomikoak» eskainiko dute Konpartsek, Iñaki Aurtenetxeren Bacalaos Sayomar dendarekin elkarlanean. Zehazki, lehen platera prestatzeko barazkiak eta bertako beste produktu batzuk eskainiko dituzte eta, bigarren platererako, bakailao-xerrak.
Egun horretan bertan, Euskal Txiki Masterrak ere omenaldia egingo dio «gure arrain preziatuari» eta kokotxak pil-pil erara prestatuko dituzte.
Gainera, Zigor Iturrieta eta Juantxu Larrucea sukaldarien laguntzaz «showkaldaritza» saioa izango da, bakailaoa hainbat eratara prestatuz.
Hala ere, bakailaoa ez da ostiralean bakarrik protagonista izango, bezperan ere osagai horrekin prestatutako 500 pintxo banatuko baitituzte.
Txapelketa Gastronomikoaren eta Arrain Fish Festivalaren zuzendari Pedro Prietok azpimarratu du munduan slow food filosofiaren pean eta kalean egiten den lehiaketa bakarra dela Konpartsek antolatutako festibal hau.
Lau egunetan hainbat errezeta prestatu beharko dituzte Areatzara hurbiltzen direnak: txipiak euren saltsan, marmitakoa, bakailaoa bizkaitar erara eta pil-pil saltsan.
Bilbotarrek, ingurukoek zein kanpoko bidaiariek parte hartu ahal izango dute eta, hori sustatzeko, Konpartsek hainbat ostaturen laguntza izanen dute, kanpoko bidaiariei parte hartzeko gonbita luzatzeko.