Argentinako Villak, sistema hegemoniko baztertzaile baten alternatibaren kabi
Argentinan den Askapaneran brigada Buenos Aireseko periferian dauden Villak ezagutu eta aho bete hortz da. Bertan aurkitu dute sistema kapitalistaren atzamarretatik kanpo osatzen eta indartzen ari den paradigma sozial eta ekonomiko berria eta ondorengo kronikan zer nolakoa den azaldu digute.
Argentinako administrazioaren informeetan milioika langabetu ageri dira, edo beste modu batera esanda, paperetan azaltzen ez diren milioika langile daude. 90.hamarkadan neoliberalismo basatia nagusitu zenetik, Argentinako sistema produktiboak ezin izan ditu barneratu bere baitan biztanleriaren sektore zabalak. Globalizazio baztertzaileak soldatapeko lana pribilegio bilakatu du, eta ez dago ugazaba nahikorik «soberan» dagoen lan indarra erosteko.
Ondorioz, gaur egun, populazioaren %30ak sare ekonomikotik kanpo egiten du lan. Erregularizazio orotik at, errealitate honek langilearekiko dakartzan gabezi eta arrisku guztiekin: sindikatuetan afiliatzeko ezina, inongo eskubide eta babesik ez izatea, muturreko prekarietatea eta ziurgabetasuna edota poliziaren errepresioa. Azken hamarkadetan Argentinako 24 probintzietan eguneroko ogi bihurtu da ekonomia paraleloan lan egitea. Baina, herri argentinarraren sektore hauek, injustizia gogor honen aurrean makurtu beharrean, tinko mantentzen dira sistema sozioekonomikotik kanpo. Asistentzialismoaren menpeko bihurtu ordez, euren lana sortu dute, auzo xumeetan, ahazturiko periferietan.
Brasilgo favelak, Venezuelan rancho-ak, Argentinan ere existitzen dira: Villak. Urbanizatu gabeko auzo zabalak, gehienetan hirien periferietan aglomeratuak. Gure kasuan, Buenos Aireseko periferia osatzen duen Conurbano Bounerense zonaldeko Villen errealitatea ezagutu dugu. Hiriburuko erdigunetik kilometro gutxira, errepideak ez daude asfaltaturik eta etxebizitzen aurrealdeko adreilu gorrien gainean, txapaz osaturiko teilatuak dira nagusi. Gehienetan, ez dago estolda sarerik edota gas sistemarik. Askok nekez dute ur edangarria edo argi-indarra. Estatuak berak buruturiko azken zentsu neurketen arabera, herrialdean bizi diren 45 milioi biztanleetatik 7, Villetan bizi dira, okupaturiko lurretan, kokaleku prekarioetan.
Gune hauetan egituratu da 2001. Urteko Argentinazotik, pixkanaka pixkanaka, ekonomia herritarra izenarekin ezagutzen dena. Sistema kapitalistaren atzamarretatik kanpo osatzen eta indartzen ari den paradigma sozial eta ekonomiko berria. Ekoizpen faktoreak herriaren eskuetan, ipar orratz gabi batekin, herritar guztientzako lurra, lana eta bizitokia.
Gaurkoan, sistema ekonomiko informal honen protagonista diren eragileekin ikasitakoa laburbiltzen saiatuko gara. Horregatik, ezinbestekoa da lehendabizi CTEP zer den azaltzea. CTEP sindikatuak (Confederación de trabajadores de la economia popular), bere baitan barnebiltzen ditu economia popular-eko protagonista nagusiak. Bere funtzioa itzalpeko sare hau osatzen duten kooperatiba, eragile eta fabrika okupatu guztiei, koordenada homogeneo batzuen baitan batasun zentzu bat ematea da. Guztiek batera, helmuga berdin baterantz arraun egin dezaten: herritar guztiontzako lana eta bizitza duin baten eraikuntza. Ideia honen baitan antolatzen dira, gertutik ezagutzeko aukera izan ditugun hainbat eragile: OLP (Organizaciobes Libres del pueblo), Movimienpo Popular La Dignidad, Los Pibes Movimiento de Trabajadores Excluídos, Impa fabrika berreskuratua, Seamos Libres, Movimiento Popular Darío Santillan... Bakoitza bere ñabardura eta berezitasunekin, denek arazo bikoitz bati erantzuten saiatzen dira: auzoko langabezi tasa altua eta bizitzeko beharrezkoak diren eskubideen gabezia. Bi harresi hauek kolpe bakarren apurtzen dituzte CTEP-eko antolakundeek: tokian tokiko bizilagunak antolatuz, estatuak auzoari bermatzen ez dizkion eskubideak helarazten dizkie. Hots, kooperatiben sorkuntza eta enpresa abandonatuen berreskurapena zutabe, gune xume hauetan eten barik ari dira etxebizitzak, estolda sistemak, argi-indar eta gas sareak, osasun, suhiltzaile edo zabor bilketa zerbitzuak, maila guztietako herri eskolak (unibertsitateak ere bai), elikadura bermatzen duten herri merkatuak, garraio zerbitzuak... sortzen.
Adibidez, bertatik bertara ezagutu dugu, aho bete hortz, 1-11-14 Villan (Buenos Aireseko handiena eta arriskutsuenetarikoa) jarduten duen 18-20 urte bitarteko 10 gazteez osaturiko erreskate brigada (su-hiltzaile + anbulantziak). Oinarrizko formazio batekin, jaio eta hazi ziren inguruetan biziak salbatzen dituzte. Izan ere, udaleko anbulantzia eta su-hiltzaileak, poliziaren babesik gabe Villara sartzen ez direnez (segurtasun bermerik ez dutelako), bat baina gehiago hil da laguntza beranduegi iritsi delako. Gazte hauek, Villan heziak, beharra dagoen lekura lehenbizi iristen direnak dira.
Finantzaketari dagokionez, egia da asko, hamaika errebindikazio eta borroken ondotik, estatuaren diru iturrien bidez elikatzen direla. Kasu honetan, ezberdintasunak daude antolakunde batetik bestera eta noski, diru iturria gero eta handiagoa bada, gero eta urriagoa da maniobratzeko gaitasuna. Baita unean uneko gobernuaren aurka hartu daitezkeen neurri eta jarreren nolakotasuna ere. Horregatik, eragile bakoitzak modu partikularrean ikusten du arlo politikoa. Batzuk, demokrazia parte hartzailean sinetsi eta hauteskundeetan parte hartzen dute beste eragile politiko batzuen euritakopean. Beste batzuk ordea, ez dute sinisten gaur egungo erregimenean eta bide autonomoago bat egitearen aldekoagoak dira.
Azkenik, azpimarratzekoa da CTEP osatzen duten eragile ezberdinek formakuntza ideologikoari ematen dioten garrantzia. Azken finean, economia popular-eko langileek errenta bat irabazi eta zerbitzu bat eskaintzeaz gain, sistema hegemoniko baztertzaile baten alternatiba eraikitzen ari dira. Horregatik, euren jardunean garrantzi handia du borroka ideologikoak. Alde batetik langileek egiten ari direnaren dimentsioa kontuan izatea eta bestetik jendeari ulertaraztea zer dagoen laguntza mota horren beharra izatearen atzean, zergatik duten faltan eskubidez dagokiena. Kontzientzia sortzea alegia, eta hori biziraupena une oro jokoan dagoen lekuetan gauzatzea erronka itzela da. Kontuan izan behar dugu, economia popular honetan parte hartzen duten askok eta askok behar familiarrak medio ezin izan zutela lehen edo bigarren hezkuntza amaitu. Eta beste asko, villetan indar handia duen narkotrafikoaren eraginpetik atera nahi eta ezinean dabiltzala. Horregatik bi bider txalogarriagoa da CTEP-eko militante eta partaideen jarduna.
Egoerarik gogorrenetan, sistema kapitalista baztertzaile eta ustel honek sortu duen errealitate gordinenetariko batean, ezagutu dugu alternatiba: Xumeen iraultza, duintasuna, borroka kolektiboa eta oinarrizko eskubideen eraikuntza. Economia popular edo Herri ekonomia.