INFO

‘Phantom Thread’, 2018ko film onenaren Fipresci Sari Nagusiaren irabazle

Mundu osoko 473 kritikarik hala erabakita, aurtengo Fipresci Sari Nagusia ‘Phantom Thread’ lanari emanen diote. Paul Thomas zuzendariak hirugarrenez jasoko du sari hori Donostian.

Paul Thomasen ‘Phantom Thread’ lanaren irudia. (ZINEMALDIA)

Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioak (FIPRESCI) Paul Thomasen ‘Phantom Thread’ lana aukeratu du 2018ko film onenaren irabazle. Mundu osoko 473 kritikarik parte hartu dute botazioan, eta 2017ko uztailaren 1az geroztik estreinatutako film guztien artean aukeratu dute ekoizpen hau.

Hauek izan dira beste finalistak: Martin McDonaghen ‘Three Billboards Outside Ebbing, Missouri’ (Donostia Hiria Publikoaren Saria 2017), Pawel Pawlikowskiren ‘Zimna wojna / Cold War’, Cannesen zuzendari onenaren saria irabazi duen filma, aurtengo Perlak sailean programatua, eta Lucrecia Martelen ‘Zama’.

Paul Thomasek hirugarrenez jasoko du sari hori Donostian, 2008. eta 2000. urteetan ere bera izan baitzen sariduna, ‘There Will Be Blood’ eta ‘Magnolia’ filmekin, hurrenez hurren. Estatubatuar zinemagileak Berlinen Urrezko Hartzaren irabazle izan zen ‘Magnolia’, Cannesen zuzendari onenaren saria eraman zuen ‘Punch-Drunk Love’ (2002) filmarekin, eta ‘There Will Be Blood’ lanari esker zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza eta bi Oscar sari irabazi zituen.

Fipresci Sari Nagusia 1999an sortu zen, eta ordutik Pedro Almodóvar, Michael Haneke, Cristian Mungiu, Jean-Luc Godard, Richard Linklater, Roman Polanski, George Miller, Maren Ade eta Aki Kaurismäkiren mailako zinemagileak saritu ditu.