Espetxeak husteko aldarria ozen entzun da Bilbon
Espetxeak husteko «lan agenda» osatzeko deia berretsi dute milaka lagunek Bilboko jaietako egun nagusian, Kalera Kalerak deituriko mobilizazioan. Ostertzean «errepresaliaturik gabeko herria»&flexSpace;marraztu dute parte-hartzaileek, «Euskal presoak etxera» oihuen artean. Abiatu aurretik, Uruguain euskal iheslarien asilo eskubidea defendatzeagatik duela 24 urte Poliziak hil zituen bi lagunak izan dituzte gogoan. Montevideon ere oroitu dituzte.
Bilboko Aste Nagusian, jaietako egun handian, hain zuzen, ohikoa bihurtu da euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazioa egitea, eta horrela egin zuten atzo beste behin ere. Aurten Moyua plazatik udaletxeraino osatutako ibilbidean, Kalera Kalera dinamikaren barruan eta ezker abertzaleak bultzatuta, milaka lagunek aldarrikatu zuten espetxeetan edota ihesean diren euskal herritarren etxeratzea. Pankarta nagusia hamar errefuxiatu ohik eraman zuten.
Udaletxe parean amaitu zen mobilizazioan beste hainbat borrokari atxikimendua agertu zieten: feminismoa, pentsiodunena, etorkinena, Altsasuko gazteena... Bestalde, espetxe barruko egoerari begiratuz, martxoan Puerton zendu zen Xabier Rey iruindarra gogora ekarri zuten: «Antxo azkena izan dadin, senideek kilometro gutxiago egin dezaten, kalean nahi ditugu», aldarrikatu zuten.
Ziegetan preso eta Euskal Herritik urruti dauden presoen hainbat eskutitz irakurri zituzten, ‘‘Jo ta ke’’-ren doinua entzun eta gero. Gutun guztietan nabarmentzen zen Euskal Herriaren aldeko borrokak «merezi» duela. Horietako batek, gizartearen inplikazioaren beharra ere nabarmentzen zuen, salbuespen legedia altxatzeko ardura duela gaineratuz: «Erasoari eta blokeo egoerari buelta eman behar zaio, eta horretarako gizartearen urratsak behar ditugu».
Horrekin batera, eta EPPK-k partekatutako azken gogoetekin bat eginda, «hitzetatik harago» joango den «lan agenda» osatzeko proposamena luzatu zuten: «Behin betiko errepresaliaturik gabeko herria izateko, bide orri bat hitzartzea ezinbestekoa da», adierazi zuten hizlariek, Euskal Herriko eragile ezberdinei begira. Eta ehuntzen ari diren harreman berriekin batera, kalean mobilizatzen jarraitzea giltzarritzat jotzen dute.
«Kalera irten behar dugu beraiek kalera irten daitezen», azpimarratu zuten eta “Orain presoak” lelopean sortzen diren ekitaldi guztietan «aktiboki» parte hartzeko deia luzatu zuten parte-hartzaileek. Bilboko Aste Nagusian egonda, kalera atera berri diren bi bilbotarrentzat aipamen berezia izan zen: Joseba Enbeita Gorri eta Aitor Fernandez Piol, hain zuzen ere.
Morroni eta Facal, gogoan
Presoei elkartasuna adierazi aurretik, baina, Plaza Eliptikoan Uruguaiko bandera eta ikurrina batera ageri ziren, bi herrion «anaitasunaren» adierazle gisa. Izan ere, atzo hogeita lau urte zirela, Montevideon, Filtro ospitale kanpoko sarraskian, hango Polizia euskal iheslarien defentsan ari ziren milaka uruguaitarren aurka oldartu zen eta Fernando Morroni eta Roberto Facal hil egin zituzten.
Manueltxo Goitia iheslari ohiak hartu zuen hitza. Berau Filtro ospitalean zegoen gau hartan, gose eta edari grebaren ondorioz, beste bi kiderekin batera.
Ia mende laurdena pasa den arren, uruguaitarren elkartasunarengatik oraindik hunkituta agertu zen Goitia eta «maite dut Uruguai eta maite ditut uruguaitarrak» esaldiarekin bere esker ona adierazi zien.
Bitartean, Montevideon urtero bezala mobilizazioa egin dute aurten ere Filtroko sarraskia oroitzeko. Hango obeliskotik abiatu eta ospitaleraino heldu behar zen protesta, Euskal Herriko ordu txikietan egitekoa, buruan Norma Morroni –Fernandoren ama– zelarik.
Mobilizazio gehiago
Bestalde, ostirala izanda, Euskal Herriko herri askotan presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak egin ziren atzo arratsaldean, hala nola, Lekeition (79 lagun batu ziren), Getarian (40), Mutrikun (50), Deban (30), Zarautzen (130), Agurainen (23), Ondarroan (101), Iruñean (146), Lazkaon (50), Etxarrin (80), Beran (15), Gasteizen (240), Barañainen (31), Errenterian (130), Arbizun (41), Donostian (113) eta Noainen (20).
Ostegunean, Arrosadian 20 lagun elkartu ziren, Burlatan beste 43, Txantrean 41, Donibanen 47 eta Iturraman 14. Astelehenean, aldiz, Gernikan 35, Iurretan 24, Zaldibian 11, Ondarroan 25 eta Iruñean 41 (Gobernu espainolaren Ordezkaritzaren aurrean egiten dituzte orain lehen PPren egoitza aurrean burutzen ziren elkarretaratzeak).
Eta igandean, azkenik, Altsasun 33 lagun elkartu ziren espetxeratuen alde.
Dos de los siete, cerca de Altsasu
Una semana después de que las familias anunciaran el traslado de Jon Ander Cob y Julen Goikoetxea a la prisión alavesa de Zaballa, ayer finalmente pudo confirmarse que han llegado ahí desde Soto del Real. Antes de que se les dejara llamar para dar cuenta de ello, lo filtró Instituciones Penitenciarias.
Los encarcelados desean ahora que sus cinco compañeros aún alejados puedan también ser traídos a Euskal Herria. Según algunas fuentes, el próximo podría ser Aratz Urritzola.