Munduko txoko ezberdinetako zazpi ekoizpen, Culinary Zinema sailean
Culinary Zinema, zinema eta gastronomia uztartzen dituen Donostia Zinemaldiko saila, zazpi filmek osatuko dute zortzigarren urtean. Askotariko gaiak jorratuko dituzte: familia-jatetxeetan inspiratutako istorioak, artearen eta gastronomiaren arteko fusioa, oliba olioaren kultura, emakumezko sukaldariek aurre egin beharreko zailtasunak, hiri handitik jaioterrira itzultzea, norberaren jatorriak bilatzea eta enpresa abentura bati ekitea.
Euskal Herria, Argentina, Kanada, Hego Korea, espainiar eta frantziar estatuak, Japonia eta Singapurretik iritsitako zazpi lanek osatuko dute aurtengo Zinemaldiko Culinary Zinema saila. Gastronomia eta zinema lotzen dituen Donostia Zinemaldiko saila Basque Culinary Centerrekin batera eta Berlingo zinema-jaialdiarekin elkarlanean antolatzen da
Miguel Angel Jimenezek bi Michelin izardun L'Escaleta jatetxearen atzealdeko bizimodua jaso du ‘Y en cada lenteja un Dios’ filmean. Ander Iriarteren eta Aitor Bereziartuaren ‘Bihar dok 13’ filmak Gaur eta Ez Dok Amairu mugimenduekin aurrez aurre jarriko ditu Basque Culinary Centerreko zenbait ikasle. Duela 50 urte, euskal arte eta musikagintzaren ikuspegia berritu zuten mugimendu hauek. Orain, artelan batean inspiratutako plater bat birsortu beharko du ikasle bakoitzak.
‘Ramen Shop’, Eric Khoo zuzendariaren fikzio-filma, Singapurrerako bidaia pertsonal eta gastronomiko bati ekingo dion ramen sukaldari gazte batek protagonizatzen du. Soon-rye Yim Hego Koreako zinemagileak ‘Little Forest’ dakar, hiri handian amodio eta lan arazoz estuturik bat-batean jaioterrira itzultzea erabakiko duen gazte bat hartu du ardatz.
‘Un instante en la vida ajena’ (2003) filmarekin dokumental onenaren eta ‘Iberia’ lanarekin argazkilaritza onenaren Goya sariak jaso ondoren, Jose Luis Lopez-Linaresek Picual olibaren iraultza jaso du ‘Jaén, Virgen & Extra’ filmean.
Aldiz, ‘The Heat: A Kitchen (R)evolution’ filmean, jatetxeen buruan aitzindari izan diren emakumezko sukaldarien fenomenoa aztertu du Maya Gallus zinemagileak, besteak beste, Anne-Sophie Pic eta Angela Hartnett-ekin.
Bestetik, urtez telebistako formatuetan aritu eta gero, Alfred Oliverik German Martitegui argentinar sukaldari entzutetsuaren eta haren lantaldearen abentura irudikatu du bere lehen film luzean, ‘Tegui: Un asunto de familia’. 40 egunez euren jatetxea itxi eta hutsetik hasita Andeetako mendikatean beste bat irekitzen dute.
Proiekzio eta afarietarako baterako txartelak irailaren 3an jarriko dira salgai, 9:00etan, 70 euroan. Filmak soilik ikusteko sarrerak datorren irailaren 16an jarriko dira salgai, 7,90 euroko prezioan.