INFO

‘Txantxafrika’ protesta abestia sortu dute gaztetxeak eta bertan diren migratzaileek

Instituzioek migratzaileekin duten «utzikeria» salatzeko asmoa du Antiguo Rebolution Zaunk System taldeak, Donostiako Txantxarreka gaztetxeak eta bertatik igarotzen diren migratzaileek elkarlanean sortu duten abestiak. 


Abuztua hasieratik, Donostiako Antigua auzoko Txantxarreka gaztetxea gune seguru bihurtu dute hirian dauden migratzaileentzat. Janaria, arropa edota euskara klaseak eskaintzen dizkiete bertan bat egin duten herritar eta elkarteek, Gurutze Gorriak eta Udalak hiru egunez hartu eta gero kalean uzten dituen migratzaileei.

Instituzioek migratzaileak modu egokian artatzeko eskatuz hainbat ekintza egin dituzte azken asteotan; prentsaurrekoak, elkarretaratzeak edota manifestazioak, besteak beste. Instituzioen jarreran aldaketarik ikusten ez dutenez, baina, protesta kanta hau egitea erabaki dute. Antiguo Rebolution Zaunk System taldeak, Donostiako Txantxarreka gaztetxeak eta bertatik igarotzen diren migratzaileek elkarlanean sortu dute abestia.

Zabaldutako oharrean gainera, Txantxarreka gaztetxeak errefuxiatuak modu duinean laguntzeko beharrezkoak diren premiak azaldu dituzte. Tartean, 40 zenbakitik gorako oinetakoak, galtzak, mantak, izarak, motxilak, arropa zabaltzeko pintzak eta frantsesezko liburuak…. Diruz lagundu nahi dutenentzat ere kontu korronte bat ireki dute. Era berean, laguntzeko prest dagoen edonori gaztetxera hurbiltzeko gonbidapena zabaldu diete, orain arte jasotako laguntza «handia» eskertzearekin batera.