INFO

Pauera eraman du Seaskak irakasle gehiagoren eskaria

Euskal Herritik lau bat autobusetan joan dira goizean Seaskako irakasle eta langileak Hezkuntza Ministeritzari eskatutako hogei irakasle postuak aldarrikatzera. Ikuskaritzako ordezkariekin bilera egin dute baina honen erantzuna «ezin dugu baliabide gehiago eskaini» izan da.

Seaskako irakasle eta gurasoen protesta gaur Pauen. (Iurre BIDEGAIN)

Ikastolen kexua Pauen, hezkuntza ikuskaritzan entzun ahal izan da gaur. Ikasturtea hastear, Frantziako Hezkuntza Ministeritzak ez ditu bere gain hartu nahi Seaskak eskatutako hogei postu gehigarriak. 230 ikasle berri matrikulatu dira aurten Ipar Euskal Herriko ikastoletan eta aldaketarik ezean beharrezko irakasleen kostua bere egin beharko du Seaskak, Ministeritzak bost eta erdiren kostuaz soilik hartu du ardura.

Pauera 300 bat euskal herritar joan dira goizean euren aldarria entzunaraztera. Ikuskaritza okupatzen saiatu dira baina talde handi bat sartu ostean ateak itxi eta gehienak kanpoan geratura dira. Hala ere, ordezkaritza batek bilera egin du Ikuskaritzarekin. Pierre Barrière-ek hitz egin du azken honen izenean bilera ostean eta eskaria gaurko egoera berrikustea «arrazoizkoa» dela uste arren «baliabide gehigarririk eskaintzeko aukerarik ez» duela adierazi du.

Bilera egiten ari ziren bitartean Euskal Herritik joandako langile eta irakasleek bilkura egin du Ikuskaritzaren egoitzaren atarian eta amaieran euren zakuak bota dituzte egoitzaren aurka.

Helburuak urrun oraindik, Seaskak adierazi du mobilizazioekin jarraituko duela eta astelehenerako iragarri ditu hurrengoak. Paueko gaurko mobilizazioa 'Agure zaharra' kantuarekin amaitu dute.