‘Bad Times at the El Royale’' filmaren estreinaldiak itxiko du Zinemaldiko Sail Ofiziala
Drew Goddard estatubatuarrak zuzenduriko ‘Bad Times at the El Royale’ filmaren munduko estreinaldiarekin itxiko da Donostiako Zinemaldiko Sail Ofiziala, lehiaketaz kanpo.
‘Bad Times at the El Royale’ filmaren munduko estreinaldiak emango dio amaiera 66. Zinemaldiko Sail Ofizialari, lehiaketaz kanpo. Drew Goddardek zuzendutako bigarren filma da, ‘The Cabin in the Woods’ (2012) opera prima sarituaren ostean.
Jeff Bridges, Chris Hemsworth, Jon Hamm eta Dakota Johnson dira zuzendari estatubatuarraren bigarren filmeko protagonistak.
Filmak Tahoe lakuan dagoen hotel narriatu batean elkartuko ditu zazpi ezezagun. Soinu-banda Michael Giacchinok konposatu du (‘Jurassic World’, ‘Coco’, ‘Up’) eta Seamus McGarvey (‘Godzilla’, ‘Nocturnal Animals’, ‘Darkest Hour’) izan da argazki-zuzendaria.
20th Century Fox konpainiak ekoitzi du pelikula, eta Hispano Foxfilm izango da banatzailea. Estatu espainolean azaroaren 16an estreinatuko da.
‘Cloverfield’ (2008), ‘War World Z’ (2013) eta ‘The Martian’ (2015) pelikuletak gidoiak idatzi eta, besteak beste, ‘Lost’ eta ‘Alias’ telesailak ekoitzi ditu Goddardek.
Inaugurazio eta itxiera galak
Zinemaldia itxiko duen galan, sariak banatzeaz gain, ‘Bad Times at the El Royale’ aurkeztu eta proiektatuko da. Jadanik salgai daude txartelak, baita inaugurazio galarakoak ere, 70 euroko prezioan. Inaugurazio galan ‘El amor menos pensado’ filmaren emanaldia egingo da, eta bertan izango dira Juan Vera zuzendaria eta Ricardo Darín eta Mercedes Moran aktoreak.