INFO

Osakidetzaren kontratazio «sistema ustela» ikertzeko eskatu dio ELAk Arartekoari

ELAk bilera egin du gaur goizean EAEko Ararteko Manu Lezertuarekin, Osakidetzaren lan eskaintza publikoan (EPE) izan diren irregulartasunak aztertzeko. Gertatutakoa ez dela bakana eta «sistema ustel baten erakusgarri» dela uste du sindikatuak, eta Arartekoari ikertzkeo eskatu dio.


Osakidetzaren kontratazio prozesuetako «sistema ustela» ikertzeko eskatu dio ELAk Manu Lezertua EAEko Arartekoari, gaur goizean Bilbon egin duten bileran. Uztailean Fiskaltzaren esku utzi zuen txostena helarazi diote Arartekoari.

Esther Saavedra ELAko Osakidetzako arduradunak azaldu duenez, kontratazio sistema osoa ikertzeko eskatu diote, beren ustez EPE honetan gertatutakoa ez baita bakana, «sistema ustel baten erakusgarria baizik», eta azken lan eskaintzan gertaturikoa baino harago doa.

Sindikatuaren iritziz, «sistema ustel» horretako agintean «zerbitzuburu jakin batzuk daude», eta Osakidetzak ez du «batere borondaterik EPEaren espezialitate medikoetako azterketetan gertaturikoa zorrozki ikertzeko».

Honen guztiaren atzean Administrazio publikoaren kontratuetan dagoen «behin-behinekotasun tasa handia» dago; Osakidetzaren kasuan %38 ingurukoa dela dio ELAk.

Osakidetzak EPEko hiru espezialitatetako azterketak errepikatuko dituela-eta, ELAk iritzi dio ez dutela «sistemaren benetako garbiketa» egin nahi, ezta «ikerketa lana egin eta erantzunkizunak argitu», baizik eta soilik «espedientea bete» nahi dutela.

«Osakidetzak prozesuan alderdi izan diren epaimahai beren esku utzi du azterketak errepikatu behar diren edo ez erabakitzea, eta baita proba berriak kudeatzea ere. Prozesuaren independentzia eta objektibotasuna bermatzeko asmorik badago, azterketa berri hauetan epaimahaiak ezin dira izan aurrekoetan parte hartu zuten berberak, horietan irregulartasunak egon direla onartu den heinean», aldarrikatu du.

Arartekoaren jarrera «harbera» izan dela esan dute ELAren ordezkariek eta kontratazioen behin-behinekotasunari buruz informazio gehiago eskatu diela. Fiskaltzari eman zioten txostenaren inguruan albiste berririk ez dagoela ere esan dute.