Euskarari «bultzada berri bat» eman asmo dio Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarrak
Akademiaren mendeurreneko ekitaldietan bigarrena ospatuko du Euskaltzaindiak urriaren 4, 5 eta 6an Arantzazun: XVII. Biltzarra. 50 hizlarik hartuko dute parte bertan, euskarari «bultzada berri bat» eman asmo dion bilkuran.
Euskara batuaren 50. urteurrena baliatuz, XVII. Biltzarra egingo du Euskaltzaindiak Arantzazun, Akademiaren mendeurreneko ekitaldietan bigarrena –bederatzi izango dira guztira–. Biltzarra Arantzazuko Gandiaga Topaketa eta Batzarretarako Zentroan egingo da hiru egunez –urriaren 4, 5 eta 6an– eta 50 aditu bilduko ditu, euskararen indarguneak eta ahuleziak identifikatu eta etorkizuneko erronkak aztertzen ahalegintzeko.
Andres Urrutia euskaltzainburuak prentsaurrekoan adierazi duenez «berezia» izango da Arantzazuko biltzarra, eta azpimarratu du euskalgintzako eragile nagusiak izango direla bertan: «Mugarri bat izatea nahiko genuke, euskara bultzatzeko beste aukera bat, eta horretarako gonbidatu ditugu euskalgintzako eragile garrantzitsuenak».
Akademiak «euskararen etorkizuna» du helburu Urrutiaren arabera, eta gaineratu du hori gogoratzera joango direla Arantzazura: «Batuaren 50. urteurrenean, gogotsu eta indartsu gaudela erakutsi nahi dugu, euskal gizartearekin batera eta euskal gizartearentzat lan egiteko gogoz».
Euskaltzaindiaren XVII. Biltzarrean parte hartzeko izen ematea zabalik dago urriaren 1a bitarte. Horretarako, info@euskaltzaindia.eus helbidera idatzi beharko da, edota ondorengo zenbakietara deitu: +34 943 42 80 50 / +34 944 158 155 / +33 (0) 559 25 64 26).
Sarrera dohainik izango da eta aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da. Era berean, jardunaldi guztiak zuzenean eskainiko dira streaming bidez Euskaltzaindiaren Youtubeko atarian.